Xabi San Sebastian: 'Asko inprobisau dot disko hau sortzeko'
2017-10-23 12:17 BarriketanMusikaria.
Bost urte bakarkako diskorik atera barik pasau eta gero, Zuhaitzak ez du beldurrik izeneko bildumea plazaratu dau Xabi San Sebastianek. Orain arteko ibilbidetik urten, eta esperimentazinoari eta soinu barriak bilatzeari ekin deutso, barruan daroan irrazionaltasuna erakutsi nahian. Proiektu honetan alboan izan ditu Matthieu Haramboure (baxua eta nahasketak), Josu Erviti (bateria) eta Satxa Soriazu (tekladuak). Diskoa autoedizinoa da, baina Belarri zigilupean argitaratu dau Xabi San Sebastianek.
1.- Zuhaitzak ez du beldurrik da diskoaren izena. Izenburu misteriotsua da, ze esangura dauka?
Nahiko literala da, azken urteotan denpora asko pasau dot naturan, naturatik hartu dodaz kantuak egiteko idea asko. Eta naturearen erdian jarten nazenean, burura etorten jat zein dan nire lekua: Animalia nazen ezkero, badodaz bildurrak, baina zuhaitzak, kanpotik begiratuta behinik behin, badirudi ez daukala. Dagoan lekuan sartzen ditu zuztarrak lurrean, tinko, eta hor egoten da, bildur barik. Sensazino horretatik dator diskoaren izena.
2.- Izenburuan bakarrik ez, diskoan behin eta barriro aitatzen dozu naturea: Abesti batzuen tituluetan, azaleko irudian...
Nire eraginik handienetako batzuk naturatik jaso dodaz. Kantu batzuk naturearen erdian sortu dodaz edo, beste kasu batzuetan, idea bat etorri jat han, gero formea etxean emon deutsadan arren. Gauza misteriotsutzat dot nik naturea, asko gustetan jat naturako elementuak erabiltea gure eguneroko bizitzearen ganeko metaforak egiteko orduan.
3.- Bederatzi abesti daukaz diskoak, alkarrengandik nahiko desbardinak. Aniztasun horretan, ze harik lotzen ditu?
Egia esan, estilo musikalari ez deutsat gehiegi erreparau, espirituari baino. Uste dot abesti guztietan dagozala misterio asko, subkontzienteagaz lotutako gauzak... azken finean, gure alde irrazionalari begiratu deutsat, gure jokabidea gidatzen dauen elementua dalako. Magia, mitologia, kiristinautasunaren aurreko euskal munduaren bilaketea...
Musikeari jagokonez, gitarra akustikoagaz eta ahots hutsagaz sortu dodaz kanutak, eta batzuk holan itxi dodaz diskoan, gordinik. Beste batzuk jantzi egin dodaz, kasu batzuetan instrumentazino suabeagaz, baina baten bat muturrera be eroan dot, rock sonoridade indartsu baten bila.
4.- Askotariko kantuak dagozala ikusita, sortzeko orduan askeago ibili zarela esan leiteke?
Beharbada bai. Sortzeko orduan ez dot gehiegi begiratu kantu bakotxa estilo honetakoa edo bestekoa dan eta amaitzean ikusi dot danetariko estiloak dagozala. Modu kontzientean beste gauza batzuk bilatu dodaz, esangureagaz lotuta, lehen aitatu dodan misterio hori adibidez.
5.- Bost urte pasau dira aurreko bakarkako diskotik honetara. Patxadaz sortu dozuz lan honetako abestiak?
Aurreko diskoaren ondorengo urte biak zuzenean joten pasau nituan, taldeagaz. Oraingo kantu honeek sortzeko prozesua kasu batzuetan neketsua izan da, batzuk aspaldi neukazan amaituta baina kostau egin jat planteamendu barri honetan kokatzea, zeozelako bildurra gainditzea. Izan be, abesti batzuek zorotasun parte handia daukie, nire ohiko bidetik urten dot, egitura klasikoetatik aparte ibili naz, asko inprobisau dot disko hau sortzeko, ikertzen ibili naz, esperimentazinoan. Lotsea galtzeko prozesu horrek denporea kendu deust.
6.- Beraz, zure aurreko lanakaz alderatuta, oraingoan jauzia dago.
Bai, eta aukera kontzientea izan da, ganera. Bidetik atera nahi hori erabagi kontzientea izan da.
7.- Mikel Laboa gogoan izan dozu diskoan. Omenaldia da, ala zer?
Ez dot omenaldia egiteko asmorik izan, ez dot uste nor nazenik Mikel Laboari omenaldia egiteko, behintzat ez dot uste nire omenaldirik behar dauenik. Egin dodana izan da, berak zabaldutako bide batzuetatik sartu. Gogoan dot, Mikel hil eta urtebetera omenaldia egin geuntsala Donostian, Victoria Eugenia antzokian, eta han parte hartu genduanok Laboaren kantuen bersinoak jo genduzan. Inork ez eban Lekeitio-rik aukeratu, neu bakarra. Gustura geratu nintzan emoitzeagaz, jenteak ondo hartu eban. Orduan pentsau neban zeozer egin behar nebala Lekeitio-en bide horretatik eta orain, disko honi esker, heldu da momentua.
8.- Lehen aitatu dozun esperimentazino horretarako inspirazinoa emon deutsu Mikel Laboak?
Bai, baina ez horretarako bakarrik. Ahotsagaz esperimentetan dot une batzuetan eta, ganera, esperimentazino psikiko bat be badago. Bestetik, ikusi dot Mikelek zelan osotuten zituan diskoak, zelako orekea bilatzen eban, esaterako disko berean kantu soilak eta esperimentazino abstraktu eta barrokoak sartuta. Nik ere nahi izan dot, entzuterakoan, disko biribilaren inpresinoa emotea, koherentzia bat emotea. Horregaitik, neu be ahalegindu naz kantu sotilak, suabeak, tartekatzen beste muturrera doazan piezakaz.
9.- Laugarren diskoa dozu hau, bakarka. Heldutasunera heldu zarela nabaritzen dozu?
Hori kanpotik esan beharko dabe. Heldutasunera heltzeko edadea badaukat, baina ahalegintzen naz zorotasun puntu bati eusten.
10.- Disko apurtzailea da, neurri baten, Zuhaitzak ez du beldurrik. Halandabe, aurretik egin dozuzan diskoen arrastoak badagoz, ezta?
Nik koherentzia ikusten dot aurreko diskoen eta honen artean, hau da, pausu bat egin dot, baina nire ibilbidetik urten barik. Beharbada, antzekotasunik handiena bigarren diskoagaz dauka, Ospela-gaz, kantautore edo abestien disko bat izan zan ha. Bakarka atera neban lehenengoan kantu tradizionalak barriztau nituan, hirugarrena rock banda bategaz egindako diskoa izan zan, genero diskotzat jo geinkena. Disko barrian aurreko hiruren elementuak hartzen dodaz, baina Ospela-gaz dauka antzekotasunik handiena. Baina, esan dodanez, beste elementu batzuk sartu eta aurrerapausua egin nahi izan dot.
11.- Kontzertuak emoten zabiz asteotan, diskoa aurkezteko. Zelakoak dira zure zuzeneko emonaldiak?
Egunaren araberakoa da. Hasieran bakarka emon nituan kontzertu batzuk, estilo akustikoagoan, eta oso gustura egon nintzan. Ondoren, bandeagaz be jo dot eta horrek be oso indartsu urten dau. Beraz, kontzertu bakotxean ikusten da, batzuetan formatu txikia, akustikoa izaten da, beste batzuetan rock bandeagaz ibilten naz. Disko honen nortasunagaz bat eginaz, inprobisazinoa be badago kontzertuetan. Kantu batzuk momentuko giroaren arabera moldatzen dodaz unean bertan, momentu guztietan ondo kontzentrauta egon behar zara eta polita da hori, kontzertuen momentu zentrala da hori. Emonaldi guztiak desbardinak dira, batzuetan luzeago urteten dau, beste batzuetan laburrago.
Hurrengo kontzertuak: Zemendiaren 5ean, Bilboko Biba gunean eta zemendiaren 30ean, Gasteizen, Oihaneder Euskerearen Etxean.
Disko barriko Zuhaitza abestiaren bideoklipa, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!