'Guernica'-n oinarritutako erakusketeak Gernikan hasi dau ibilbidea
2017-10-20 13:30 KultureaPicassoren koadro ezaguna eta testuinguru historikoa ezagutzera emotea da helburua.
Pablo Picassok Gernikako bonbardaketearen harira marraztutako Guernica koadroak 80 urte bete dituan ezkero, erakusketa ibiltari berezia atondu dabe La Caixa Fundazinoak eta Madrilgo Reina Sofía Museoak. Azken horretan dago, hain zuzen, koadro ospetsua. Lehenengo geldialdirako leku sinbolikoa aukeratu dabe, Gernikako uria hain zuzen.
Picasso, Guernicaren bidaia izeneko erakusketearen inaugurazino ekitaldian, erakunde antolatzaileetako ordezkariak ez eze, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea egon dira. Rosario Peiró erakusketako komisarioa be han izan da.
Picassok Guernica marraztu ebanetik, 1937tik, Reina Sofía museora heldu zan arte, 1992ra arte, ibilbide historikoa egiten dau erakusketeak: Sortu zaneko giroa, koadroaren esangurea eta abar zehaztasun handiz ezagutu ahal izango ditue bisitariek eta, horrezaz gan, 40 urtez hara eta hona zergaitik ibili zan azaltzen da. Izan be, Francoren diktadurea indarrean egoan artean, mundu guztiko herrialde ugaritan egon zan Guernica.
Erakusketea bost ataletan banatuta dago, margolanaren ibilbidearen fase guztiak azaltzeko. Ganera, Pablo Picassoren bizitzako pasarte garrantzitsu batzuk be tartekatu ditue. Lehenengo atalean, bildurra eta mina aitatzen dira, horreek izan ziralako Picasso koadroa marraztera eroan eben sensazinoak. Gernikako bonbardaketearen nondik norakoak aitatzen dira hor. Ganera, koadroa zelan sortu eban nabarmentzen da. Parisko Erakusketa Unibersalean, 1937an, erakutsi eban Espainiako Errepublikeak eta propagandarako ikur bihurtu zan.
Bigarren eta hirugarren zatietan, ostera, koadroa nazinoartean zelan ibili zan jasoten da, besteak beste, erbesteratutako Errepublikearen Gobernuak egindako lana eta, ondoren, New Yorken ikusgai egon zan sasoi luzea. Laugarren atalean, ostera, koadroa Espainiari bueltetako negoziazinoak eta prozesua agiri dira. Azkenean, 1992an, Reina Sofía museora heldu zan eta hango arduradunek ez daukie handik beste inora lekualdatzeko asmorik gaur egun. Amaitzeko, bosgarren partean, Guernica-k protesta-ikur unibersaltzat dauen balioa azpimarratzen dau erakusketeak.
Kontuak kontu, Gernikako Pasealekuan, kamioien trailer bitan atondu dabe erakusketea, guztira 200 metro koadroko azaleran. Barruan, ikus-entzunezkoak, gerra sasoiko lekukotzak, kartelak, agiriak, marrazkiak eta abar dagoz ikusgai. Sartzea doban da eta bisitaldi gidatuak antolatu dituela aurreratu dabe antolatzaileek. Erakusketa ibiltaria dan ezkero, Gernikan egon eta gero Espainiako herri eta uri batzuetara eroango dabe Picasso, Guernicaren bidaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!