Fèlix Sardà i Salvanyren liburu bat dohaintzan jaso dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2017-10-20 11:38   Euskerea berbagai

Natxo de Felipe musikariak emon deutso 1891ko ale hori.

Natxo de Felipe, euskaltzainei liburua erakusten (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko frantziskotarren komentuan urte askoan egon zan Fèlix Sardà i Salvany abade katalanak idatzitako El liberalismo es pecado liburuaren ale bat. Natxo de Feliperen jaubetzakoa izan da azken aldi honetan eta, interesa daukien guztien esku egon daiten, Euskaltzaindiari dohaintzan emotea erabagi dau. Akademiaren esanetan, eskuzabal jokatu dau De Felipek.

Euskal Herrian, liburu horren dozena erdi bat ale dagoz gaur egun: Arantzazuko santutegian, Lazkaoko monasterioan, Loiolako santutegian, Gasteizko seminarioan, Nafarroako Liburutegian, Nafarroako Unibersidadean edo Antso Jakituna Fundazinoan. Aurrerantzean, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan be egongo da. Hau da, ikertzaileek berau erabili ahal izango dabe, Akademiari eskabidea egin ezkero.

El liberalismo es pecado 1884an argitaratu zan. Harrezkero, bersino ugari izan ditu eta Euskaltzaindiak dohaintzan jaso dauena 1891koa da. Edizino momunentala da hori, zortzi hizkuntzatara itzulia eta marrazki ugariduna. Jatorrizkoa gaztelania da, baina darabizan beste zazpi hizkuntzen artean euskerea be badago, katalana, portugesa, latina, italiera, frantsesa eta alemana be bai.

Pruden Garzia Azkue Bibliotekako arduradunak liburu honek euskereagaz izan dituann hartu-emon luzeak aitatu ditu: Aita Villasante zanaren arabera, bi aldiz, gitxienez, itzuli edo egokitu da testu hori euskerara: Behin testua osorik, Liberalen dotriña pecatu da: galda bician dauden aucibideac izenburupean, 1887an, hau da, dohaintzan jasotako alea baino lehenago. Bestea, testua laburtuz eta egokituz, Jose Ignazio Arana jesuiteak egina (Bai, pecatu da liberalqueriya, 1888). Garziak ohartarazo dauenez, Euskaltzaindiak dohaintzan jaso dauen edizino monumentalaren izenburua ez dator bat bersino bi horreekaz: Liberalkeria pecatuba da. Ondorioz, ziurrenez beste egile batek euskeratu eban.

Fèlix Sardà i Salvany apaiz katalana (1841-1916) oso ospetsua izan zan bere sasoian: propagandistea eta polemistea zan, lan ugari idatzi zituan, beti fede katolikoaren bersino tradizionalista baten alde. Erantzun onagaz batera, kritikak be izan zituan Eleizearen barruan. Bere lanik ezagunena da El liberalismo es pecado (1884).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu