Kuban grabau dau Audience taldeak disko barria

Dabi Piedra 2017-10-19 13:21   Musikea

Bizkaitarren ohiko estiloa eta Karibeko ikutua buztartzen ditu Isla-k.

Audienceko Ruben, Ager eta Gaizka, disko barriko pieza bat joten, Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala urtebete inguru, Jai Alai Blues proiektua amaitzear egozala, proiektu potolo bat behar eban Audience taldeak, Ager Insunza taldekideak azaldu dauenez. Taldean egondako aldaketa batzuk tarteko, kide barriak heldu ziran eta aspalditik bueltaka erabili eben idea bat gauzatzeko unea heldu zala ulertu eben: Kubara joatea disko bat grabetan. Aurtengo udabarrian egon da boskotea Habanan eta emoitzea, hamaika kantuko bildumea da, Isla. Bidehuts zigiluagaz plazaratu dabe.

Audiencek ez deutso uko egin bere ohiko estilo ipar-amerikarrari, baina oraingoan hegoalderagoko ikutuak sartu ditue, Kuban bizi izandako esperientzia aberasgarriari esker. Abesti batzuetan erritmo latinoak nabarmenak dira, batez be El tres, el quinto y el tumbao izenekoan. Osanay Martínez Aceo abeslari kubatarrak ipini dau ahotsa bertan. Ganerakoetan be, Alejandro Delgadoren tronpeteak eta Yaroldi Abreuren perkusinoak nortasun berezia emoten deutsie Isla-ri. Uharteko soka laukote bat be, Gladys Díazek zuzendua, kolaboratzaile izan dabe.

Lehen mailako artisten laguntzinoa izan dogu, adierazo dau Gaizka Insunzak. Matxitxa, aspalditik Kuban bizi dan euskal produktorea, izan da horretarako giltzarria, gure gizona izan da Habanan. Hango Abdala estudioetan ezagututako musikariek Audienceren lana aberastu dabela dinoe taldekideek. Izan be, zortzi abesti bertotik ondo preparauta eroan zituen, baina beste hirurak kubatarrakaz batera biribildu zituen eta orain horreek hirurak dira, hain zuzen, boskoteari harrotasunik handiena eragiten deutsenak.

Halandabe, Gaizka Insunza taldekideak azaldu dauenez, ez dabe disko kubatar bat egin nahi izan, hau da, asmoa ez da izan estiloa aldatzea, Audienceren betiko nortasunari eustea baino, baina Karibeko esperientziatik ikasitakoa gehituta. Bidaia baten modukoa da diskoa: Audienceren beti-betiko doinuakaz hasten da, Kubako kolaboratzaileen ekarpena ia ez da igarri be egiten. Bosgarren abestiak, Egun da Bayamon izenekoak, aldaketea dakar, eta diskoaren hurrengo zatiak erritmo latino garbiak daukaz. Amaitzeko, diskoaren amaiera aldera, Audienceren betiko izakerara bueltetan da.

Hamaika abestietatik bost ingelesez dira, hiru euskeraz, bakarra gaztelaniaz eta instrumental bat be badago. Ingelesez abesteko joerea ez dabe alboratu bizkaitarrek, baina euskereari leku handiagoa egin deutsie oraingoan. Ingelesez abesten dodanean maskara bategaz ibiltea modukoa da, aktore bat banintz legez, ganera uste dot entzuleek ez dabela ulertzen zer esaten dodan, azaldu dau Gaizka Insunzak, euskeraz ez dago babes hori, beraz konpromiso handiagoa eskatzen dau. Pozik dago boskotea, oraingoan euskera gehiago sartu dabelako, baina Insunzak ziurtatu dau euren erreferentzia nagusiak Ipar Amerikan dagozala eta ingelesez abesten segiduko dabela.

Gaizka eta Ager Insunza, Andoni Lauzirika, Ruben Garatea eta Mariana Perez izan dira Isla grabau daben boskoteko kideak. Gero, azken horrek taldea itxi dau eta Ander Marino Elorzak hartu dau lekukoa. Ruben Garatea, ostera, proiektua hasi baino lehentxuago sartu zan. Audiencen hasi eta berehala, Kubara bidaiea egitea proponidu eusten, zelan esango neban ezetz!, gogoratu dau Garateak.

Zemendiaren 4an joko ditue disko barriko kantak lehenengoz zuzenean, Gernikako Lizeo Antzokian emongo daben kontzertuan. Ondoren, Bilboko Kafe Antzokian izango dira hil horren 9an, eta 10ean, ostera, Bartzeloanko EH Sona jaialdian joko dabe. Zemendiaren 30ean Gasteizko Jimmy Jazzen egongo da Audience eta, Durangoko Azokearen harira, Plateruenan be hitzordua daukie, abenduaren 8an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu