Mila artikulu baino gehiago euskerazko Wikipedia sustatzeko

Bizkaie! 2017-10-19 12:16   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak eta Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak jarri dabe martxan ikasleentzako proiektu barritzaile hau.

Hitzarmenaren aukezpena gaur, Donostian (Argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak eta Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak euskerazko Wikipedian kalidadezko artikuluak sustatzeko hitzarmena aurkeztu dabe gaur, Donostian. Akordio honi esker, proiektu zehatz bat garatuko dabe, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliozkoak izan daitekezan mila artikulu baino gehiago sustatzeko. Prozedura zehatz eta landu bati jarraituta garatuko da proiektua, auzolan erraldoi bat bultzatuz unibersidadeakaz, kultura eragileakaz edota Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleakaz batera.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da akordio honen barri emoteko arduraduna, Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Alkarteko kideagaz batera. Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro inbertiduko ditu urte bakotxean. Hiru urteko egitasmo hau estrategikoa dala dinoe, euskerea ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa beteko dauelako.

Zupiriak azaldu dauenez, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dala 16 urte sortu eben, eta gaur egun, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskereak be badau bere lekua honeen artean, ez edozelangoa: artikulu kopuruari jagokonez, munduko 31. hizkuntzea da. Beste hainbat lekutan legez, ikasleak dira irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresnea bilakatu jake. Gaur aurkezten dogun proiektuaren bitartez, euskerazko Wikipediaren kalidadea hobetzen lagundu nahi dogu, baita ikasleentzako tresna moduan dauen eraginkortasuna ondu be, dino sailburuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak holan eskatuta, adin-talde zehatz batek izan leikezan beharretara bideratu da proiektua; izan be, Euskerearen Aholku Batzordeko IKTen inguruko batzorde-atalak euskerazko Wikipedia indartzeko preminea ikusi eban. Bisita-kopuruen ganeko grafikoek argi erakusten dabe ikasturtean zehar ikasleek sortzen daben trafikoa, baita gai zehatz batzuek daben nagusitasuna be. Hartara, Euskal Wikilarien Kultura Alkartea hainbat ate joten hasi zan proiektua ahalik eta ondoen kudeatu ahal izateko.

Aukeratu dituen gaiak hamabost esparrutakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastikea eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musikea, Jantzea eta Antzerkia (150); Fisikea eta Kimikea (150); IKTak (40); Literaturea (50); Filosofia (50); eta Gorputz-hezkuntzea (50).

Proiektua gauzatu ahal izateko Wikipediaren ezaugarririk berezkoenaren aldeko apustua egingo da: auzolanarena. Galder Gonzalezek adierazo dauenez, auzolan erraldoia egingo dogu hurrengo hiru urteotan, batez be unibersidadeetan oinarrituta, baina hezkuntza- eta jakintza-institituzinoak be proiektuan sartuz.

Auzolan eredua beste herrialde batzuetan, Ameriketako Estadu Batuetan eta Kanadan batez be, erabilitako berbera da: unibersidadeko ikasleek euren irakasgaiaren barruan aurkeztu beharreko lanak erabiliko ditue euskerazko Wikipedia elikatzeko. Irakasleek lan horreek ikasgaiaren barruan ebaluau eta, horregaz batera, zuzenketak egingo ditue. Azken emoitzea Wikipediara igongo dana izango da eta, ondorioz, artikuluaren kalidadea bermatuta egongo da. Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleakaz eredu bera jarraituko dabe.

Prozesuak aurrera egin ahala, wikilariek artikuluen hobekuntza teknikoak egingo ditue, eta ikasle zein irakasleei laguntzino espezializadua emongo deutsie. Museoek eta kultura eragileek be parte hartuko dabe proiektuan, nahi izan ezkero, kalidadea hobetzeko. Uritarrek be parte hartu leikie proiektuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu