Eguzki sistemearen inguruko jarduerak Bizkaia Aretoan
2017-10-18 10:27 KultureaZientzia Astearen aurreko egunotarako, egitarau oparoa atondu dau EHUk.
Zemendian egingo dau EHUk Zientzia Astea eta, giroa berotzen hasteko, espazioagaz eta Eguzki sistemeagaz lotutako erakusketea eta jarduerak antolatu ditu, asteon hasi eta zemendiaren 5era bitartean. Bilboko Abandoibarra pasealekuan unibersidadeak daukan eraikinean, Bizkaia Aretoan, izango dira jarduerok, UPV/EHU espazioan izenburupean.
Erakargarritasun handienetako bat planetario puzgarria da. Bizkaia Aretoko terrazan dago eta, bertan sartu ezkero, eguneko zein gaueko zeruen simulazinoak ikusi ahal izango ditue bisitariek, baita 360 graduko pelikulak be, Eguzki sistemea, izarrak, konstelazinoak eta unibersoaren handitasuna ezagutzeko. Extremadurako Teknologia Aurreratuen Zentroak lagatako instalazinoa da.
Bizkaia Aretoan espazioari buruz antolatu diran ganerako jardueren moduan, planetario puzgarrian sartzea doban da. Astelehenetik barikura 08:00etatik 20:00etara bisitau leiteke, zapatuetan 10:00etatik 20:00etara eta domeketan 10:00etatik 14:00etara.
Era berean, Bizkaia Aretoaren eta Guggenheim Museoaren arteko pasealekuan, Eguzki sistemearen ibilbidea atondu dabe. Sistemako planeten eta beste elementu batzuen informazinoa panel handi batzuetan emongo dabe eta euren arteko distantzia eskala errealean kalkulau dabe. Beraz, Eguzkitik urrunen dagozan planeten kokalekuak Bizkaia Aretotik metro askotara ipini behar izan ditue. Ibilbidearen hasieran, Bizkaia Aretoan bertan, Eguzkiaren argidun maketea zintzilikatu dabe, 3,5 metrokoa.
Bizkaia Aretoko barrualdean, ostera, espazioaren inguruko erakusketea egongo da ikusgai. Alde batetik, Axular aretoan, esplorazino aeroespazialerako ekipamenduaren maketak ipiniko ditue: Hubble teleskopioa, Rosetta ontziko tresnak eta abar. Europako Espazio Agentziak itxitako maketak dira, eta espedizino ezagunetan erabilitako benetako objektu batzuk be badagoz. Etxepare aretoan, ostera, Eguzki sistemako planeten, urrunagoko izarren, galaxien eta nebulosen argazki ikusgarriak egongo dira.
Programazinoa biribiltzeko, hiru berbaldi antolatu ditue. EHUn Kimika Analitikoan katedraduna dan Juan Manuel Madariagak, Bilboko Injineruen Eskolako Fisika Aplikaduko katedradun Agustin Sanchez Lavegak eta SENER enpresearen proiektu aeroespazialen zuzendari Eduardo Urgoitik egingo dabe berba. Madariagaren saioa atzo izan zan, Sanchez Lavegarena hilaren 25ean izango da eta Urgoitirena, zemendiaren 2an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!