BIME erreferentzia bihurtu dala dino Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaie! 2017-10-18 09:32   Musikea

BECen urriaren 25etik 28ra egingo dan musika topaketea aurkeztu dabe.

Imanol Pradales (erdian) eta Last Tour-eko ordezkari bi (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Bizkaia Music Experience, BIME, bosgarren edizinora heldu da eta dagoeneko industria musikalarentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu dala azpimarratu dau Imanol Pradales Ekonomia eta Lurraldearen Garapena sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiko diputaduak, agerraldi publiko baten. Bizkaia kontzertu handien epizentroa izango dala dino. Aldundiagaz batera, Last Tour enpreseak bultzatzen dau BIME eta Barakaldoko BEC erakustazokan egiten da, urtero, udagoienean.

Nazinoartean ezagun-ezagunak diran musikari eta taldeak izango dira BIMEren bosgarren edizinoko kartelburuak. The Prodigy, Franz Ferdinand, Royal Blood, Orbital eta Delorean dira nabarmenenak. Mikel Laboari eskainitako diskoa aurkeztuko dau laster Delorean talde gipuzkoarrak eta aurrerapen kantu bat plazaratu dabe egunotan. BIME Live da zuzeneko kontzertuen atalaren izena.

Beste alde batetik, profesionalentzako topagune izateko helburua be badauka BIMEk. Horregaitik, BIME Pro izeneko jardunaldi profesionala antolatu dabe, BECen bertan, urriaren 25ean hasita. Musikearen industrian zeresana dabenentzako agenda potoloa atondu dabe. Arlo askotako eragileak batuko ditue: Musikea, App-ak, bideo-jokoak, ikus-entzunezkoak, marketina, komunikazinoa... BIME Pro nazinoarteko topaketan, berbaldietara joan daiteke, bilerak gauzatu daitekez eta industriako hartu-emonen sarea sendotu daiteke, azaldu dau Imanol Pradalesek.

Diskoetxeetako arduradunek, jaialdietako sustatzaileek eta argitalpen espezializaduek hainbat berbaldi emongo ditue. Ganera, hilaren 26an, mundu osoko jaialdietako 180 ordezkari batuko ditu biltzar berezi batek. Ekintzaileentzat be aukera parebakoa eskaintzen dau BIME Startup Summit dalakoak, inbersinogile eta business angels entzutetsuek parte hartuko dabelako, Foru Aldundiaren esanetan. Horrezaz gan, prestakuntzeari zuzendutako BIME Campus atala be badago: Industria musikalean ibilbide oparoa daben 14 adituk 72 orduko prestakuntzea eskainiko dabe.

BIME Live eta BIME Pro ekimenen parte-hartzaile kopuruak agirian ixten dau jaialdia finkatuta dagoala, Pradalesen eretxian. Aurten, profesionalen jardueretara 2.000 persona joatea espero dabe antolatzaileek. Kontzertuetara, 2013ko lehenengo edizinoan 16.000 entzule joan ziran, 2016an 23.000, eta beraz, gero eta arreta handiagoa erakarten dauen hitzordua dala esan leiteke.

Esan geinke BIMEren bost edizinoei esker Bizkaia industria musikalarentzat erreferente bihurtzen hasi dala, dino Pradalesek, networking egin leitekeen lekua gara, eta negozio aukerak sortu daitekez hemen, ekimen handiak erakarteko eta antolatzeko gaitasuna dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu