Jose Antonio Sistiagak egin dau 52. Durangoko Azokako kartela
2017-10-17 13:29 KultureaSormenaren lurraldea DA! izango da aurtengo edizinoko leloa.
Abenduaren 6tik 10era bitartean egingo dabe Durangoko Azokearen 52. aldia eta Landako Guneko ateak zabaltzeko 52 egun faltau dirala aprobetxauta, ekitaldia egin dabe antolatzaileek Kurutzesantu Museoan, aurtengo kartela aurkeztu eta beste nobedade batzuen barri emoteko. Han izan dira, besteak beste, Nerea Mujika Gerediaga alkarteko lehendakaria eta Jose Antonio Sistiaga artistea:
Espazioagaz eta izarrakaz lotutako kartela diseinau dau Sistiagak Durangoko Azokarako. 1989an, zeluloidearen ganean marraztu eban Sistiagak Impresiones en la alta atmósfera film artistikoa: Zazpi minutuko lana sortzeko eskuz eta banan-bana marraztu zituan milaka fotograma. Horreetako bat da Azokako kartelaren oinarria.
Gaur taldeko kide izan zan Jose Antonio Sistiaga, sasoi haretako beste euskal artista ezagun batzukaz batera: Txillida, Oteiza, Zumeta... Aparteko sormen lana egiten dau Sistiagak eta, hain zuzen be, sortzaileak gogoan izan ditue aurten leloa aukeratzeko orduan. Durangoko Azokeak mende erdia bete ebaneko DA! esaldiari eutsi deutsie aurtengo leloan: Sormenaren lurraldea DA! izango da goiburua.
Gure lurraldea ez da ohikoa, sormena heltzen dan lekuraino zabaltzen da, adierazo dau Nerea Mujikak, lurralde honen oinarria kulturea da, eta euskerea da bere ardatza. Lurralde horrek bost elementu nagusi ditu: Sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultura politikak.
Joxean Muñoz, Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak azaldu dauenez, euskal kulturan dagoan sormena eta indarra erakusteko aukerea da Azokea, askotan isilean egiten dan lana agirian ixteko unea. Horregaitik da garrantzitsua Durangoko Azokea, Muñozen ustez. Beste erakunde batzuetako ordezkariak be izan dira Kurutzesantu museoko ekitaldian, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiko Ana de Castro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mari Jose Telleria eta Durangoko Udaleko Aitziber Irigoras alkatea.
Bestetik, Nerea Mujikak aurreratu dau, aurten bigarren egunean egingo dabela Ikasleen Eguna, hau da, abenduaren 7an. Dana dala, emoten dau aldaketa horrek ez dauela gazteen gogoa apaldu, tailerretako leku guztiak beteta dagozalako. Helduentzako ikastaroak be egongo dira arratsaldeetan. Errutinatik urten eta sormenaren lurraldean ibilteko bost egun, 50 ordu, izango ditue Durangoko Azokara hurreratzen diranek, Mujikak azpimarratu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!