'Euskal kulturearen memoria historikoa' mintegia, bihar eta etzi Bilbon

Bizkaie! 2017-10-17 10:00   Kulturea

Bilbao 700 Fundazinoak antolatu dau hitzordua, Sabino Arana Fundazinoaren laguntzinoagaz.

Xabier Lizardi, gerra aurreko euskal idazle ezagunenetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Bihar eta etzi, urriaren 18an eta 19an, euskal kulturea memoriaren ikuspegitik aztertzeko saioa egingo dabe Bilbon, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan. Goizeko 09:30etik 13:30era bitartean izango dira berbaldi eta topaketak.

Bilbao 700 Fundazinoak aurreratu dauenez, 20. mendearen hasikerako euskal kulturaz berba egin eta eztabaidatuko dabe. Garai oparoa izan zan baina berehalako etena izan eban 1936ko gerrearen erruz. Gerrearen ondorioak latzak izan ziran euskal artearen unibersoan: pinturan, musikan, literaturan eta euskeran eragin handi-handia izan eban gatazkeak, mendearen hasikerako sormenaren ahalmena eta bizitza artistiko aberatsa moztuta geratu ziran, eta urte asko pasau arte ez ziran hasi apurka-apurka euren onera etorten.

Gerra aurrean egon zan mobimentu kultural aberatsaren eta gerreak ekarritako etenaren memoria gordetea ezinbestekoa dala uste dabe jardunaldiaren antolatzaileek. Euskal kulturearen esparruan daukagun lekua, iragana eta etorkizuna lotzen dituan katebegia da memoria, Sabino Arana Fundazinokoek adierazo dabenez. Gure kulturea behin eta barriro sortu behar da, katebegi bakotxean sortu be, iraganetik edan eta etorkizunean islatuta, beti mundura zabalik, ganeratu dabe.

Kontuak kontu, alor askotako adituek parte hartuko dabe jardunaldian. Aurkezpen ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazinoko zuzendariak eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak berba egingo dabe. Urriaren 18ko saioan, esaterako, honeek egongo dira: Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari ohia, Javier Viar; Labayru Fundazinoko zuzendariordea, Igone Etxebarria; eta Alberto López Echevarrieta kazetaria, zineman aditua.

Hilaren 19an, ostera, honeek izango dira hizlari: EHUko Historia Garaikideko doktore Josu Chueca; Joseba Lopezortega historialaria; eta goi mailako Musikako tituludun eta Psikologiako lizentziadun Mercedes Albaina.

Jardunaldian parte hartu nahi dauenak idazkaritza@sabinoarana.org helbidera idatzita emon leike izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu