Antolatzaileak pozik, jentetzea joan dalako Nafarroa Oinezera
2017-10-16 10:26 Euskerea berbagaiLesakako Tantirumairu ikastolea handitzeko erabiliko dabe batutako dirua.
Eguraldi epela lagun, milaka lagun batu zituan Lesaka herriaren inguruan atondutako zirkuituak. Tantirumairu ikastolako arduradunek oso pozik dagozala dinoe, jentearen erantzuna ikusita. Era honetako ospakizun handietan datu zehatzak emotea gatxa dan arren, Foruzaingoaren kontaketan oinarritutako zenbaki batzuk zabaldu ditue: 4.465 auto, 429 autokarabana eta 102 autobus heldu ziran jaigunera.
Datu negatiboei jagokenez, Gurutze Gorriak 146 lagun artatu zituan eta horreetako bi ospitalera eroan behar izan zituen. Orokorrean, baina, jaia izan zan nagusi ibilbideko lau guneetan. Lesakako Tantirumairu ikastolearen lanari belaunaldiz belaunaldi eutsi deutsienak gogoan hartzeko tartea be egon zan. Era horretara, 43 urteko ibilbide oparoaren ordezkari, hamabi familia aukeratu zituen omenaldia egiteko: Kanpotik Nafarroara etorri eta euren seme-alabak euskerazko ikastolara eroateko aukerea egin dabe horreek sendiek. Bestetik, IKA euskaltegiak be saritu zituen Nafarroa Oinezeko bultzatzaileek.
Lau gune eta 3,5 kilometroko ibilbideari ekiteko, ekitaldi instituzionala egin eben goizean. Tantirumairuko zuzendari Aitor Irazokik eta Amaia Lasheras presidenteak aldarrikapenerako tartea hartu eben: Bertoko hizkuntzea, kulturea eta errealidadea errespetauko dauen hezkuntza ereduaren alde egin eta errespetuaren, jasangarritasunaren eta bardintasunaren baloreak azpimarratu zituen.
Bestetik, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak euskerearen balioa nabarmendu eban, alkarbizitzarako tresnea dalakoan. Barkosegaz batera Lesakan izan ziran Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko presidentea eta alderdi politikoetako ordezkariak. Eusko Jaurlaritzearen ordezkaritzearen buru, ostera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea egon zan.
Antolatzaileek ikasleen arteko Erronka jokoaren arrakastea azpimarratu dabe balorazinoa egiteko orduan, gero eta parte-hartzaile eta ikusle gehiago batzen ditualako. Zangotzako ikastoleak irabazi eban lehenengo saria.
Nafarroa Oinezen batutako dirua Tantirumairu ikastolea handitzeko erabiliko dabe, oraingo eraikina txikiegia dalako gaur egungo ehun ikasleak sartzeko.
Antolatzaileek uste dabe 2017ko edizinoa arrakastatsua izan dala, ez bakarrik Lesakara joan zan jente piloagaitik, baita jaia normaltasunez egin zalako be. Horregaitik, eskerrak emon deutsiez bisitari eta boluntario guztiei. Datorren urtean Altsasuko Iñigo Aritza ikastoleak antolatuko dau Nafarroa Oinez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!