Etxahun Lekue, Maddalen Arzallus eta Jon Maia be finalaurrekoetara

Bizkaie! 2017-10-16 10:19   Bertsolaritzea

Final laurenak amaituta, hurrengo fasean kantauko daben 24 bertsolariak nortzuk izango diran jakin dogu.

Etxahun Lekue, Tolosako saioan (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Tolosan jokatu zan, zapatuan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken final-laurena. Etxahun Lekue larrabetzuarra izan zan onena eta, beraz, zuzenean lortu eban finalaurrekoetarako txartela. Fin ibili zan Bizkaiko txapelduna, 1.250 bertsozalek betetako Beotibar pilotalekuan.

Lekuek 673 puntu eskuratu zituan eta, haren atzetik, ez zan oso urrun geratu Maddalen Arzallus (670). Hirugarren Jon Maia izan zan, 662,5 puntugaz. Horreek hirurak hurrengo fasean izango dira. Laugarren Beñat Lizaso geratu zan (646,5), bosgarren Xabat Galletebeitia (636) eta seigarren Eneko Lazkoz (607).

Beraz, final laurenak amaitu diranez, finalaurrekoetako parte-hartzaileen behin-betiko zerrendea osotu da. Batetik, final laurenetako sei saioetako irabazleak: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Bestetik, ganerakoen artean, puntuazinorik altuena eskuratu daben hamabiak: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika.

Horreekaz batera, finalaurrekoetan hasiko dira 2013ko txapelketako finalistak, hau da, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Beraz, fase horretako 24 parte-hartzaileen artean, 14 mutil eta 10 neska dagoz. Bizkaitarrak indartsu ibili dira aurreko fasean, sei saioetatik hiru irabazita, eta guztira, bost izango dira finalaurrekoetan.

Urriaren 28an hasiko da finalaurrekoetako fasea, Bastidan. Zazpi saio izango dira, itzuli bitan banatuta. Hau da, bertsolari bakotxak bi bidar kantauko dau eta puntu guztiak batuta, zazpi onenak pasauko dira BECeko finalera. Han, Amets Arzallus txapelduna izango dabe zain.

Beste alde batetik, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak jakin eragin dauenez, abenduaren 17ko finalerako sarrera guztiak agortu egin dira. Urriaren 2an jarri zituen salgai jente guztiarentzat, eta asteburu honetan saldu dira azken txartelak. Dana dala, finalaurrekoetako saioetarako sarrerak oraindino badagozala dino Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu