Parrapean-Komiki Egunak astelehenetik aurrera Bilbon

Bizkaie! 2017-10-13 12:16   Kulturea

Aurtengo ohorezko saria Daniel Redondo marrazkilari bilbotarrak jasoko dau.

Urtero legez, Parrapean-Komiki Egunak zikloa egingo da hilaren 16tik 21ra eta jarduera guztiak Bilboko Begoñako liburutegian eta udaltegian eta Santutxuko Karmelo plazan izango dira. Daniel Redondo marrazkilariaren ganeko erakusketeagaz hasiko da, eta obrea zapatura arte egongo da ikusgai Begoñako liburutegian.

Bigarren erakusketea, El balancín argitalpenari eskainia, martitzenean inaugurauko dabe Begoñako Udaltegian. Kike Infame zuzendariak aurkeztuko dau eta bisita gidatua be egingo dau arrastiko 19:00etan.

Aste honetarako programazinoak, Gartxot, Itzaltzuko bardoaren kondaira tragikoan oinarritutako marrazki bizidunen filma be jasoko dau, eguenean, arrastiko 19:00etatik aurrera, eta honegaz batera, Portugaleko komikiaren ganeko berbaldia izango da barikuan, Una mirada al cómic portugués izenpean, Joao Miguel Lameirasegaz eta Paulo Monteirogaz.

Monteiro Portugalgo egungo elebarri grafikoaren adierazle nagusietakoa da, eta Banda Desenhada de Bejako nazinoarteko komiki jaialdia zuzentzen dau 2005etik. Lameirari jagokonez, komikiaren ganeko hainbat azterlan teoriko egin ditu, eta genero horretan espezializautako argitalpen batzuk plazaratu ditu. Koldo Azpitarte kazetariak gidatuko dau saioa.

Hilaren 21ean, zapatuan, amaituko dira aurtengo komiki jaldunaldiak: Goizeko 11:00etan Karmelo plazan euskerazko laugarren komiki azokea jarriko dabe. Ohiko erakusmahaiez gan, ume eta gazteentzako tailerrak, jazz musikea, jantzea eta argitaratu barri diran lan batzuen aurkezpenak egongo dira. Azken horreen artean, Benito Lertxundik aurkeztuko dauen Asisko Urmenetaren Eusklabo alaiak, Julen Ribasen Santa Familia eta Roger Seiter eta Eric Catarina frantsesen Zulo bat oroimenean dira aitagarrienak.

Azokearen barruan bestalde, eguerdiko 12:00etan, euskeraz egindako komikiaren Parrapean 2017 lehiaketearen sariak banatuko ditue eta Daniel Redondo (Bilbo, 1940) marrazkilariari ohorezko saria emongo deutsie.

Redondok Bruguera argitaletxean hasi eban bere marrazkilari ibilbidea. Euskal Herrira itzultzean Donostian ibili zan, eta bertan Gregorio Muro Harriet gidoilaria ezagutu eban. Beragaz batera istorio labur ugari egin zituan hainbat aldizkaritarako, eta baita Jon eta Mirka eta Marca de la bruja lanak be. Azken hori benetako best sellerra izan da Frantzian. Ondoren, Christian Perrissin gidoilari frantsesagaz La Juventud de Barba Roja serieko hainbat bilduma egin zituan.

Eguna musikeagaz eta uriko jantzeagaz girotuko dabe. Arrastiko 19:30ean, barriz, itxierako ekitaldia egingo dabe, Musika ilustratua izenburupean. Honetan, Paulo Monteiro, Julen Ribas, Daniel Fano, Asisko Urmeneta eta Adur marrazkilariak alkartuko dira, Xabier Lizaso piano jolearen musikeak lagunduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu