Domekan Nafarroa Oinez ospatzeko dana prest Lesakan

Bizkaie! 2017-10-13 11:56   Euskerea berbagai

Euskerea Nafarroa osoan indartu nahi dabe, erabilerea sustatuz.

Tantirumairu ikastolako umeak | Ikusi handiago | Argazki originala

1988an hartu eban Lesakako Tantirumairu ikastoleak Nafarroa Oinez atontzeko lekukoa, aurten barriro hartu eta datorren domekan ospatuko dabe. Oraingo helburu nagusia eraikin barri bat eregitea da, izan be, oraingo egoitzea txikia eta zaharkitua gelditu jake. Leloak berak horixe esan nahi dau Lesakako ahozko berbakeran: eraikin bigaz ikastola bat osotu: bikin bat in.

Antolatzaileek aitatu dabenez, Nafarroa Oinezen helburua ez da dirua lortzea bakarrik, euskerea Nafarroa osoan indartzea baino, erabilerea sustatuz.

Tantirumairuk 1974. urtean edegi zituan ateak. Sasoi haretan, irakaskuntzea euskeraz aldarrikatzen eban gizarteak Euskal Herriko bazter guztietan eta baita Lesakan be. Gogo horri erantzunez sortu eben ikastolea guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez. Zazpi ikaslegaz hasi eban bidea Tantirumairuk. Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzako 113 ume jasoten ditu.

Nafarroa Oinez Lesakako industria eremutik zein baserri inguruetatik pasauko da domekan, herriaren isla dalako hori. Danetara, hiru kilometro eta erdiko luzerea izango dau ibilbideak lau gunetan banatuta: Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea. Egitarauari jagokonez, urtero legez, oparoa eta edade guztientzako personei zuzendua.

Goizeko hamarretan emongo deutsie hasierea jaialdiari, ikastolan bertan izango dan edegiera ofizialagaz. Bertan, ehun lagun eta ordezkari batuko dira. Arratzubi izango da lehenengo gunea, hor herri kirolak, larrainjantzea eta zumbea izango dira besteak beste. Bertizenean izango da bigarrena eta bertan, Trikidantz, Kalera, Bad Sound System eta Oihan Vega izango dira programautako ekitaldietako batzuk. Gune honetan ganera, aurten lehenengo aldiz, zeliakoentzako janaria eskainiko dabe.

Hirugarren gunea Biurgarain izango da, honetan Borrokan, Oreka Tx edo Petti igongo dira oholtzara eta, azkenik, Uhartea gunean erraldoiak, bertso saioak eta Xutik izango dira.

Antolatzaileek barrikuntza bat be iragarri dabe: zigarroen puntak botateko zakarrontzi bereziak. Lau guneetan eta bidean zehar egongo dira eta erretzaileei bertan botateko eskaerea egin nahi deutsie.

Lila Puntua be nabarmendu nahi izan dabe; genero eraso zein generoari lotutako bestelako arazoei behar dan erantzuna emoteko gunea izango da. Holako jazoeren aurrean, berehalako erantzuna emotea oso garrantzitsua dala azpimarratu dabe antolatzaileek, eta lila puntuak horretan lagundu leikela uste dabe. Horregaz batera, beste behin be gogorarazo nahi izan dabe: ez beti da ez. Baita Nafarroa Oinezen be.

Amaitzeko, trafikorako plan berezi bat atondu dabe, izan be, Lesaka bailara estu baten kokatuta dago. Horregaitik, espazio txikia kontutan hartuta, garraio publikoa erabilteko deia egin dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu