Irati Agirreazkuenaga: 'Jente diferentea ezagutzea bizitzako pribilegiorik handiena da'

Ainhoa Lores 2017-10-16 11:05   Barriketan

Aktorea, kazetaria eta EHUko irakaslea.

Ikus-entzunezko Komunikazino ikasketak egin zituan Irati Agirreazkuenagak EHUn. Ordutik hona telebistan, irratian, unibersidadean eta Euskal Herriko hainbat aretotako oholtzetan ikusi ahal izan dogu.

Bilbokoa ez da geldirik egoten dan horreetakoa, 2011n Alanbike Antzerki konpainia sortu eban lagun batzukaz eta dagoeneko hiru ikuskizun estreinau ditue: In perpetuum mobile, Sal Marina eta Komunak. Mikel Martinez aktoreagaz be lan egin dau Agirreazkuenagak eta horren ondorioa da Biba Voi!, Dario Fo eta Franca Rame antzerkigileen ganeko obrea; datorren domekan, hilaren 22an, obra hori Euskaltzaindiaren egoitzan ikusteko aukerea egongo da.

 

1.- Telebistan eta Irratian lan egin izan dozu, orain EHUko irakaslea zara, Alanbike Antzerki Konpainiaren sortzailea… Ibilbide profesional polifazetikoa, ezta? Zer da egitea gehien gustetan jatzuna?

Komuniketea, batez be, transmitidutea, hartu-emon interpersonal horreetan barruratzea… eta komunikazino prozesu hori egoki emoteko, momentuaren arabera ze tresna erabili geinkezan deskubridutea.

 

2.- Ikus-entzunezko komukazino ikasketak egiteaz gan, Getxoko Antzerki Eskolan be ibili zara ikasten. Zerk eroan zintuan arte eszenikoen mundu horretara?

Askotan esaten deuskue: ba nik zure egoeran egongo banintz… laga daigun banintz hori, ni orain zu naz, ni orain persona hau naz, bestea… Bizitzearen misterio horrek eroan ninduan antzerkian sakontzera. Danok desbardinak izatea, hori da politena eta jente diferentea ezagutu ahal izatea bizitza honetako pribilegiorik handiena da. Nik uste dot hartu-emonak bizitza honetako zirrara eta aldi berean beharrizana dirala. Misterio horrek bultzatuta hasi nintzan mundu honetan.

 

3.- Zelakoa izan zan hasieran antzerkiagaz izandako esperientzia ha?

Pixka bat gogorra batzuetan, baina era berean polita. Personaiaren azalean sartzen zarenean barruko-gatazka bat sortzen da. Batzutan, enpatizetea gatxa egiten jatzun, personaje zehatz horretara heltzea ez da erraza izaten. Horrezaz gan, gizartean harremanetan erabilten doguzan geruza horreek, lotsea adibidez, kentzea kostau egiten jat. Halan da ze, salara urteten garenean tratu bat egiten deutsagu geure buruari: bihotzagaz berba egitea, hau da, personaien eta Iratiren zintzotasunetik berba egitea.

 

4.- Antzerkiaren mundua ezegonkorra dala uste dozu? B planik bilatu behar izan dozu aurrera egiteko?

Ezin deutsat esperientziatik galdera honi erantzun, ez nazelako inoz antzerkitik bizi izan. Transmisinoaren parte hori gustetan jat, baina lanbideari jagokonez, bizitzeak beste bide batzuetatik eroan nau. Hori bai, Alanbiken profesionaltasun osoz lan egiten saiatzen gara bai sortze momentutik, prozesuan eta bai banaketan eta eszenatokian gagozanean. Dana dala, nik uste dot norberaren pasino edo gustuei jarraitzea dala garrantzitsuena, hori dalako ezengokorra ez dan bakarra.

 

5.- Getxoko Antzerki Eskolea laga eta Alanbike Antzerki konpainia sortu zenduen lagun batzukaz...

Bai. Eskolea laga eta Bilbao Eszenan beste ikastaro batzuk egin nituan, Alex Gerediagagaz be euskera ikastaro bat egiten ibili nintzan eta gero Nexo Teatron egon nintzan beste kide batzukaz. Batez be Getxon ezagututako kideakaz batera erabagi neban antzerki konpania propioa sortzea, gure intereseko gaiak eta istorioak kontetako asmoagaz. Momentuz ondo doa, oso hartu-emon onak daukaguz gure artean.

 

6.- Zein da zuen filosofía?

Trebakuntza, lankidetza eta gogoeta teatralerako espazioa sortzea. Hazkunde personalerako mesedegarria dana, baina presentzia eszenikoaren oinarri teknikoak aztertzeko eta honeek erabilteko. Ahots, gorputz eta buruaren gaitasunak handiagotu nahi doguz eta olgetearen bitartez lengoaia eszeniko barrien bila ibilten gara.

 

7.- Zelakoa izan da  konpainiaren orain arteko ibilbidea? In perpetuum mobile izan zan zeuen lehenengo lana, ezta? Komunak obreagaz be herriz herri zabize orain eta Sal Marina be aurkeztu dozue orain dala gitxi.

Bai, gure lehenengo produkzinoa In perpetuum mobile izan zan eta 2014an Bilboko Pabilioi 6 aretoan estreinau genduan. Bertan hiru ikuskizun egin genduzan, Getxoko Andres Isasin be egon ginan, Valentzian, Oviedon…

Beste alde batetik, Alanbikeko zazpi aktoreen artean, Sal Marina sortu dogu, denpora gehiago behar izan dogu sortzeko, esan dodan legez, azkenean lengoaia propio horren bila gabizalako eta horretan sorkuntza propioa sartzen dalako. Irailean aurkeztu genduan Elorrion eta datorren urtean Bizkaia Aretoan egingo dogu. Orain banaketeagaz gabiz.

Alanbikeko aktoreok, bestalde, gure kontuak egiteko askatasuna dogu eta horregaitik, beste kide batek eta biok Komunak antzezlan laburra estreinau genduan Pabilioi 6  aretoan, Josu Florentino Kabiako aktorearen gidaritzapean. Epaimahaiaren aitamen berezia jaso genduan antzerki laburren lehiaketan eta pasa dan astean Getxoko antzerki laburren jardunaldietan be egon ginan ikuskizunagaz.

Alanbikegaz hainbat sorkutza prozesutan parte hartu eta gero, modu paraleloan, beste proiektu batzuk egiteko aukerea dogu.

 

8.- Eta modu paralelo baten Biba Voi! ikuskizuna sortu dozue. Zelan sartu zinan proiektu honetan?

Beste kide batek eta nik Mikel Martinezi deitu geuntsan komentetako euskeraz sortzeko prest gengozala. Izan be, nik arantzatxu bat neban: euskerazko antzerkian lan egitea, gero, obrak Pabilioi 6 eta holako aretoetara eroan ahal izateko. Gaur egun oso pozik nago, bai Biba Voi! eta Komunak euskeraz egiten dodazalako eta horretarako aukerea sortu dalako. 2016ko maiatzean jarri ginan Mikelegaz harremanetan eta urrian, Dario Fo hil ondoren, Martinezek berak deitu eustan idea azaltzeko eta ikuskizuna atontzen hasi ginan.

 

9.- Zelako esperientzia izaten dabil?

Oso esperientzia ona eta oso aberasgarria. Azkenean, Mikel Martinezen moduko profesional bategaz lan egitea niretzako pribilegio bat da, batez be beste mueta bateko zuzendaritzapean lan egiteak dituan aberastasun eta onurakaitik.

 

10.- Aurrerantzean non ikusiko zaitugu, antzerkian, telebistan, irratian… zein da zure asmoa?

Alde batetik, antzerkiagaz jarraituko dot, eguen eta zapatu honetan Aretxabaletan egongo gara In perpetuum mobile-gaz. Zemendiaren 22an, barriz, Bilbon Biba Voi! ikuskizunagaz.

Bestalde, joan dan urtean, Nazino Batuen garapen iraunkorreko helburuen ganeko dokumental bat grabetan ibili nintzan Brasilen beste lagun batzukaz batera eta orain Euskal Herrian zabaltzea da gure asmoa.

Horrezaz gan, nire egunerokoari eutsiko deutsat, hau da, komunikazinoan eta kazetaritzan izan neikezan tresnak Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadean transmitiduten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu