Udalerri euskaldunen erronkak aztertuko ditue Soziolinguistika Jardunaldian
2017-10-13 09:31 Euskerea berbagaiZemendiaren 22an egingo dabe saioa, Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk antolatuta.
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: Gaurko eta biharko erronkak izenburupean egingo dabe IX. Soziolinguistika Jardunaldia zemendiaren 22an, EHUk Donostian daukan Carlos Santamaria zentroan. UEMAko Lehendakari Josu Labakak eta Euskal Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak aurkeztu dabe hitzordua, horreek erakunde biak diralako antolatzaileak. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakaslea be ekitaldian izan da.
Adituen esanetan, hizkuntza baten biziraupenean ezinbestekoak dira arnasguneak, hau da, hizkuntza horri bizi-bizirik eusten deutsien lekuak, kalean zein etxean. Euskal Herrian be badira arnasguneak, baina, azken urteotan ikusi ahal izan danez, horreetako batzuetan euskerearen erabilereak behera egin dau. Hortaz, datu estadistikoak aintzat hartuta, arnasgunetzat jo leitekez, baina benetako arnasgune izatetik urruntzen dagoz.
Horregaitik, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak erabagi dabe IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia alkarlanean antolatu eta gai honi eskaintzea. Ikerketa barrienak ezagutu, aurrera egiteko dagozan baldintzak balorau eta eragileen artean ikuspuntuak partekatzeko gune izan nahi dau hitzorduak, bultzatzaileen esanetan. Horretarako, berbaldi-aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaile guztien arteko aurrez aurreko topaketarako espazioak eratuko ditue zemendiko saioan.
Egitarau zabala antolatu dabe. Hasteko, Mikel Zalbide euskaltzainak eta Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak euskaldunen proportzino altueneko herrien inguruko ikerketa bana aurkeztuko dabe. EHUko Iñaki Agirreazkuenagak euskerearen bizibarritzerako legeak emoten dituan aukera eta oztopoak jorratuko ditu, Belen Urangagaz batera. Arratsaldean, arnasguneen gaiari ikuspegi ugaritatik heldu deutsien personak alkartuko dira mahaiaren inguruan, Miren Segurolak gidatuta: Zumaia (Imanol Azkue) eta Ondarroako kasuak (Goizane Arana), lurralde antolaketearen ikuspegia (Unai Fernandez de Betoño) eta hedabideena (Alberto Barandiaran) kontrastean jarriko dira.
Parte hartu nahi dabenek zemendiaren 17ra arteko epea daukie. Matrikula orokorra 55 eurokoa bada be, 40 euroko prezio murriztua izango dabe ikasle, lanbako zein Soziolingustika Klusterreko kideek, baita UEMAren barruko udaletako zinegotzi eta beharginek be. Izena emoteko loturea, hemen.
2017/11/22 .
Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!