Bilboko Itsas Museoan eregitako ontzia uretaratu dabe
2017-10-11 13:25 Kulturea1902an Euskaldunako ontziolan egindako gangilaren txalupa laguntzailea da.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua izan da portu-gangila uretaratzeko ekitaldiko burua, ontziaren amabitxia dan ezkero. Ekitaldian izan dira, ganera, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomez, patronatuko kideak eta ontziaren eraikuntzan parte hartu daben personak eta erakundeak.
Gangila eregiteko prozesuan ohiko metodoak errespetau ditue, baita bere sasoiko tradizinoak be. Museoan ikusgai dagoan portu-gangila Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques ontziolan 1902an eregitako lehenengo ontzia izan zan, Labe Garaiek eskatuta. Beraz, 115 urte dituan ontzia da. Horregaitik, berarentzat txalupa lagungarri bat egitea erabaki genduan, esan dabe museoko arduradunek, uretaratzeko ekitaldian.
Uretaratutako txalupea 4,65 metro da luze eta solaptuko sistemearen bidez egina dago. Txalupa lagungarria edo zerbitzukoa da, ontzi nagusiari laguntzeko funtzinoak beteten dituana. Esate baterako, ainguraleku batetik lehorreratzeko edo amarratze maniobrak errazteko erabilten da.
Lorea Bilbaok adierazo dauenez, eraikuntza hau Itsas Museoaren proiektu zabalago baten barruan dago, Bizkaiko erriberako arotzeriaren ezagutza-ardatz bihurtu nahi dau Erain lantegia. Bilbaok ganeratu dauenez, ontzia gure ondare materialaren konserbazinoaren sinboloetako bat da. Erriberako arotzeria tradizionala desagertzen joan da azken urteetan, gaur egun ia ez dago profesionalik lanbide honetan. Hori dala eta, uste dogu beharrezkoa dala Bizkaian XX. mendeko erriberako arotzeria tradizionala berreskuratzea, arriskua dago-eta lanbidea desagertzeko.
Foru Aldundiaren eta museoaren asmoa da Erain tailerra Bizkaiko erriberako arotzeriari buruzko ezagutza-polo bihurtzea. Hau da, tailerrean belaunaldiz belaunaldi transmitiduko dira zurezko ontziak modu tradizionalean egiteko erabilten ziran teknikak.
Jon Ispizua museoko erriberako arotza buru dala, boluntarioen talde bat sortu da eta prestakuntzea emongo deutsie. Txalupa bat eregitetik harago, helburua izan da kalidadezko formazinoa emotea talde bati, museoaren kanpoaldeko ontzi bildumea jagoten lagundu daien.
Bestetik, Otxarki Fundazinoaren laguntzinoagaz, Lanbide Heziketako arotzeria modulu bat antolatu da eta hori be Museoko lantegian emon da. Hirugarrenik, Museoak dohaintzan jaso dau oraintsu arte lanean jardun dauen ontziola baten, Bermeoko Gontzal Kortazarren lantegiaren, materiala: erremintak, moldeak eta abar. Museoan jarriko da ikusgai.
Amaitzeko, talde tekniko bat eratu da. Bertan batu dira hainbat espezialista, kontserbatzaile eta etnografo, EHUgaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Nuevo Antxustegi arrantza-ontzia zaharbarritzeko erespideak adosteko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!