Sormen eszenikoaren bide barrienak, BAD jaialdian

Dabi Piedra 2017-10-11 12:07   Kulturea

Bertoko eta kanpoko 20 konpainiaren lanak Bilbon ikusgai, urriaren 20tik 29ra.

Nekane Alonso, Alicia Otxandategi eta BADen laguntzinoa euki dauen Larrua proiektuko kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Jantzearen, antzerkiaren performance-en eta sormen eszenikoaren azken jokerak publikoari hurreratzea izan da BAD, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Nazinoarteko Jaialdiaren helburua, orain dala ia 20 urte bere ibilbidea hasi ebanetik. Aurten, 19. edizinoko egitaraua ikusita, BAD ekimen heldua eta era berean gaztea dala azpimarratu dau Alicia Otxandategi programatzaileak. Izan be, betiko freskotasunari eusteko asmoz, artista gazte ugari konbidau ditue.

Urriaren 20tik 29ra, Bilboko hainbat agertokitan, 20 konpainiaren sorkuntzarik barrienak ikusi ahal izango dira. Parte-hartzaileen ia erdiak euskal konpainiak dira eta ganerakoak, nazinoartean ibilbide oparoa daukien atzerriko artistak. Bertokoen kasuan, erabateko estreinaldiak dira guztiak eta kanpoko konpainien partetik, ostera, oraintsu aurkeztutako lanak, tartean Espainiako sei estreinaldi. Otxandategik azaldu dauenez, aurtengo egitarauan jantzea eta performance-a dira nagusi.

La Fundición, Pabilioi 6, Campos antzokia, Bilborock, Arte Berreginen Museoa... uri guztira helduko da BAD. Hain zuzen be, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak adierazo dauenez, sormen eszeniko garaikidea herritarrei hurreratzea eta publiko barria erakartea dira euren asmoak. Zirkuitu komertzialetan nekez ikusten diran lanak ekarten doguz, dino Alonsok. Sarrerak eta bonuak salgai dagoz dagoeneko.

Egitarau zabaletik hainbat ikuskizun nabarmendu ditu Alicia Otxandategik. Batetik, aurtengo edizinoko nobedadeetako bat, jaialdiari ekiteko kontzertu-inaugurazinoa. Berreginen Museoan egingo dabe, hilaren 19an, eta ez da musika emonaldi arrunta izango, beste arte adierazpide batzukaz nahastauko dabe eta. Ricky Hollywood, DJ Bilboloopers eta Vj Gheada izango dira artistak.

Bestetik, Ana Capilla eta haren konpainiaren ikuskizun barria, Feedback, aitatu dau Otxandategik, musikea eta jantzea buztartzen dituan kontzertu eszenikoa da eta. Kike Mora musikariaren laguntzinoa izan dau proiektu horretan. Edurne Rubioren Light Years Away piezea eta Michelle Rizzoren Higher be nabarmendu ditu programatzaileak. Era berean, ikastaroak eta tailerrak antolatuko dituela gogoratu dau.

Nekane Alonsoren arabera, artistei babesa emotea be bada BADen zereginetako bat. Horregaitik, koprodukzinoak eta bestelako lankidetzak bultzatzen ditu BADek berak, euskal artistek pieza barriak sortu daiezen. Artistak egoitzan udal programearen bidez, lau talderi laguntzino teknikoa emon deutsie eta hortik urtendako pieza bi BADen 19. edizino honetan bertan estreinauko ditue. Aritz Lópezek gidatutako Larrua proiektuaren Baserri da bat, Nerea Martínezen Biraka bestea.

Orain dala 19 urte, sormen eszeniko barrien aldeko apustu arriskutsua egin, eta BAD abiatu eban Udalak, adierazo dau Nekane Alonsok, orain erreferentzia eztabaidaezina da sortzaileentzat. BADen oinarriak kalidadea eta barrikuntzea dirala esan dau, eta herritar guztiei dei egin deutsie egitarauko hitzorduez disfrutetako tartea hartu daien.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu