'Obabakoak' oholtzara eroango dau Calixto Bieitok
2017-10-10 13:24 KultureaArriaga Antzokia produktore dala, urriaren 18an estreinauko dabe Bernardo Atxagaren nobelearen euskerazko egokitzapena.
Euskal literatura modernoko obrarik esanguratsuenetako bat da Obabakoak, Bernardo Atxagak 1988an plazaratutako liburua eta, Bilboko Arriaga Antzokiaren ekimenez, antzerkirako bersinoa izango dau laster; Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoa arduratu da obrea oholtzarako atontzen, euskerazko zein gaztelaniazko bersinoetan. Estreinaldia urriaren 18an egingo dabe hilaren 21era arte eta erderazko bersinoa, barriz, zemendiaren 23tik ikusi ahal izango da. Ganera, Bilbotik kanpo, beste uri batzuetan be erakusteko asmoa daukie.
Arriaga Antzokian bertan egin dabe Obabakoak antzezlanaren aurkezpena, Bernardo Atxaga eta Calixto Bieito bertan dirala. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gorka Martinez BBK Fundazinoko arduradunak be parte hartu dabe. Eurekaz batera, obrako aktoreak: Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastortza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga. Ekitaldi jentetsu horretan, ez dira faltau eszenografia, argiztapena eta abarrak sortzen dabilen nazinoarteko taldea, Suitzako, Alemaniako eta Txekiako kideak dituana.
Obabako uniberso magikoa oholtza ganera eroateko orduan, Calixto Bieitok azaldu dau Bernardo Atxagak idatzitako berbak baino ez dituala erabili, hau da, nobelan agiri ez dan esaldirik ez dagoala gidoian. Aktoreen lana funtsezkoa izango da Obabari bizia emoteko, baina, ganera, proiekzinoak, musikea, soinu elementuak eta abar be garrantzitsuak izango dira. Koreografiak eta gorputz adierazpeneko eszenak be izango ditu antzezlanak.
Bieitok adierazo dauenez, Obabakoak nobela totala da, hau da, gauza guztien inguruko gogoetak eta pentsamenduak dagoz: Euren barruan dana hartzen daben giza paisajeak dagoz. Hori guztia antzerkirako egokitzea ez da erraza, gau asko Atxaga buruan dauela pasau ei ditu Bieitok. Anbizinoz baina apaltasunez ekin deutsat egokitzapenari, ezinezkoa da nobelako guztia antzerkira eroatea.
Bernardo Atxaga, dana dala, lasai dago, azken emoitzea gustukoa izango dauelakoan: Batasun bat dago Calixtoren eta bion artean, poesiak irakurteko edo liburuak aukeratzeko orduan. Beti esaten dot, poesiaren inguruko antzeko ikuspegia daukan baten bat topau ezkero, persona horregaz gauza guztien inguruan berba egin zeinkela. Antzezlanaren inguruko ahalik eta informazinorik gitxien nahi dau idazleak, estreinaldiaren egunean sorpresea hartzeko asmoz.
Obabakoak liburuaren ganekoak be gogoan hartu ditu Bernardo Atxagak. Inguruko elementuakaz eregitako mundua dala dino. Karlos Argiñano sukaldariagaz (nire mesanotxeko filosofoa da, dino Atxagak) behin izandako pasadizoa gogoratu dau idazleak: Herri urrun baten gengozan eta afaltzeko ia ez geunkan ezer. Karlosek esan eustan jatekoa beti preparau behar dala momentu horretan suetean topetan dozunagaz eta holan hasi zan egun haretako afaria egiten, porru zati bat, ogi apur bat... hartuta.
Atxagak be holan hasi eban Obabakoak, inguruan eukanari begira. Gure suetea da mundua, azaldu dau, eta suetea izan leiteke gure lurraldea, hizkuntzea eta abar. Norberaren etxeko gauzak, gomutak eta paisajeak unibersalak be izan leitekez, horixe da nobelearen abiapuntua.
Orain Obabakoak antzezlan bihurtzea pozik hartu dau, beraz, Atxagak. Teatroak aukerea emoten dau gauza askori buruz berba egiteko, bazterrean dagozan hainbat gai aintzat hartzeko. Juan Mari Aburto alkatea be gustura dago, Arriaga Antzokiak hartu dauen erronkeagaitik: Calixto Bieito Arriagara heldu zanean, asko espero genduan beragandik, eta denporeak arrazoia emon deusku.
Aktoreek be esperientzia aberasgarritzat jo dabe proiektu honetan parte hartzea, eta euren artean dagoan giro ona azpimarratu dabe. Calixtok ezin hobeto ezagutzen dau euskal aktoreen mundua, orain arteko bidea gustagarria izan da, adierazo dau Joseba Apaolazak. Gurutze Beitiak harrituta dagoala autortu dau, Bieitok zehaztasun handiz jagon dauelako aktoreek esan beharreko esaldi eta berba bakotxa, euskeraz ez dakian arren. Eneko Sagardoyren arabera, plazerra da eurentzat lan hau eta publikoa harritu egingo dala uste dau.
Urriaren 18tik 21era, beraz, Obabakoak Bilboko Arriaga Antzokian ikusi ahal izango da. Lehenengo egun bietan, goizez (taldeentzat batez be). Hurrengoetan, iluntzeko 20:00etan. Sarrerak salgai dagoz antzokiaren webgunean zein txarteldegian. Euskerazko bersinoak birea egingo dau Bilbotik kanpo: Urriaren amaieran Bartzelonan ikusi ahal izango da eta zemendiaren lehenengo hamabostaldian geldialdiak egingo ditu Donostian, Santurtzin eta Gasteizen. Europa erdialdean birea egin nahi dau Bieitok, Europa erdialdean eta iparraldean ezaguna da Atxaga, azaldu dau.
Gaztelaniazko bersinoa, ostera, aurrerago helduko da Arriagara: Zemendiaren 23, 24 eta 25ean, 20:00etan izango dira emonaldiak. Hil horren 26an, ostera, 19:00etan.
Ganera, urriaren 19ko, 20ko eta 21eko saioen aurretxuan, Arriagan bertan, Atxagari eta Obabakoak-i buruzko berbaldiak antolatu ditue, publikoak hobeto ezagutu daizan, antzezlana ikusi aurretik. Bestetik, zemendiaren 17an, Bernardo Atxagarren eta Calixto Bieitoren arteko barriketaldia antolatu dabe Bilboko BBK Salan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!