'Animaliategia' Bilboko Kale Nagusian
2026-05-12 07:40 KultureaBBK VII. Artearen Ibilbidea 2026.


Zazpigarren edizinoan, Animaliategia izenburuagaz, museoaren bildumako 38 artelanen erreprodukzinoak batu dira. Danatan, animaliak dira protagonista. Erakusketan artista, garai eta teknika askotako aleak dagoz: margolaritzea, grabatua, kartela, arte aplikatuak...
Historian zehar, animalien irudikapenak funtzino sinbolikoa izan dau, gizakien dooe eta akatsei lotua sarri. Testuinguru horretan, Jupiter jainkoaren figura mitologikoa dogu protagonista Paul de Vos eta Jacob Jordaens flandriar margolarien konposizinoetan, oinarrizko senak ezkutatzen dauen indarkeriaren erakusgarri, zezen baten eta erdia gizon erdia ahuntz dan satiro baten formakaz.
Iruditeria horrek Espainiako arte garaikidean iraun eta tauromakiak zeregin sinbolikoa hartu eban: Luis Fernándezen obran Gerra Zibilaren metafora bihurtu zan, Picassoren oihartzun eta guzti, eta Ignacio Zuloagarenean, barriz, zaldi zaurituak sakrifizio-izaerea dau.
Ikuspegi horri kontrajarrita, José Arrue eta Aurelio Arteta artistek gizakien eta animalien arteko harmonia-eszenak sortu zituen euren margolanetan. Bestalde, espeziea gizatiartzeak berezko genero bat sorrarazo eban, moralizatzailea Paul de Vosen hegaztien kontzertuan, eta animaliakanako errespetu zintzoaren adierazle Rosa Bonheur artistearen lanean.
XX. mendean sinbolo mintzoduna baliabide ikonografikoa eguneratu zan, personaje bat ezagutzeko edo kalifiketako. Beraz, R. B. Kitaj margolariaren mihisean, Picasso gazteari leporatzen jakon eta katu bi dituan mobikorrak –Bartzelonako Els Quatre Gats kafetegiaren ikurrak– iradokitzen dau erretratautako emakumea intelektuala dala.
Argazkilaritzeak be erabili izan dau lengoaia sinboliko hori. Alberto Schommerrek egindako José Hierro poetearen erretratuan, sorgin-orratzek eta tximeletek eraldaketea dakarskue gogora. Motibo hori Francisco Durrioren burdinezko hileta-hesian be badago. Bestalde, Richard Avedonek egindako Ringo Starren erretratuan, uso zuriak adierazoten ditu beatlemaniagaz eta 60ko hamarkadako amaierako kontrakultureagaz lotutako balioak. Hamarkada bi aurrerago, Guerrilla Girls taldeak beste esangura bat emon eutson ikonografia klasikoari, feminismoaren garian, Venus bat gorila-mozorro batez estalita agertzen dan kartel ospetsu batean.
Azkenik, eta abangoardian, Mimmo Paladinok eta Joseph Beuysek animalien espirituaren bizitasun arkaikoa berreskuratu eben euren obretan.
Komisario-lanak José Luis Merino Gorospek, museoko Antxinako Artearen konserbatzaileak, egin ditu, eta berak hautatu ditu ibilbiderako obrak, agirian jarten baita animalien irudikapenen balio alegorikoa, artearen narrazino-dimensinoa indartzen baitabe deskripzino hutsetik harago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
