Euskerearen erabilerearen inguruko azterlana aurkeztu dau UEMAk
2017-10-06 09:50 Euskerea berbagaiBermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak da izenburua.
Azken urteotan euskalgintzan zabaldu dan kezka bat, ezagutzearen eta erabilerearen artean dagoan aldea, ikerlan sakon baten aztertu dabe Goizane Arana eta Eneritz Albizu UEMAko teknikariek. Horretarako, Bizkaiko herri bi hartu ditue eredutzat, Ondarroa eta Bermeo, biak UEMAko kide. Horregaitik, ikerketearen aurkezpenean Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Maite Alvarez herri horretako euskera teknikaria egon dira, baita Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko lehendakari Josu Labaka be.
Udalerri euskaldunenak batzen dituan arren, UEMA mankomunidadean be badago euskerearen erabilereagaz lotutako kezka ugari. Hurrengo asteetan aurkeztuko ditu erakundeak bere barruko hainbat udalerritako datuak, zemendiko soziolinguistika jardunaldien harira. Bertan ikusten danez, euskaldunen portzentajea parekoa izan arren, erabileran alde handiak dagoz UEMAko herri batetik bestera.
Horri lotuta, UEMAko Goizane Arana eta Eneritz Albizu teknikariek lan handia egin dabe azken hileotan, ondorio batzuk atera nahian. Euskerearen ezagutzeari jagokonez antzekoak diran herri bi hartu ditue: Bermeo eta Ondarroa. Biak dira udalerri euskaldunak, kostaldekoak, arrantzale girokoak, Bizkaikoak. Baina bietako baten kale erabilera datuak onak dira, Ondarroan. Bestean, aldiz, Bermeon, oso kezkagarriak, batez be gazteen artean, UEMAk darabizan datuen arabera.
Mankomunidadeak jakitera emon dauenez, Ondarroako gazteen arteko alkarrizketen % 92 euskeraz izan dira euren neurketan. Bermeon, ostera, gazteen arteko %14,8 baino ez ditue euskeraz entzun. Edade guztiak kontuan hartuta, aldea ez da horrenbestekoa, baina oso handia da, edozelan be (% 79 eta % 33).
Egoera hori ikusita, hainbat galdera planteau ditue Aranak eta Albizuk ikerketan: Besteak beste, zergaitik dagoan herri bien arteko alde hori eta zergaitik dagoan amildegia Bermeon ezagutzearen eta erabilerearen artean, eta Ondarroan ez. Herri bietako hizkuntza politikak antzekoak dirala nabarmendu dau UEMAk.
Aranak eta Albizuk uste dabe, hizkuntza politika egokiaz gan, euskeraz berba egiten lagunduko dauen ekosistema linguistiko aproposa behar dala eta Bermeok horretan huts egiten dau beharbada. Eguneroko bizitzako hartu-emonetan arretea jarri behar dala uste dabe.
Beste faktore ugari be aitatu ditue ikerlariek. Esate baterako, Ondarroako kaleko bizimodua eta giroa indartsuago dagozala sumatu dabe, eta bizitza hori euskeraz egiten dala. Bermeon, ostera, kaleko hartu-emonak galduago topau ditue eta horrek eragina izan dauela ondorioztatu dabe. Herri bakotxeko erreferente kulturalak be kontuan hartu behar dirala ganeratu dabe.
Azterlana 300 orriko ikerketa potoloa da, baina badauka 32 orriko laburpena be. Ondorioak eta proposamenak batzen dituan eranskina gehitu deutsie. Bermeoko Udalak berak eskatu deutso UEMAri azterlan hau egiteko, herrian euskerearen erabilereak izan dauen gainbehera nabarmena ikusita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!