Askotariko jarduera kulturalak Bermeoko Mareak jaialdian
2017-10-06 08:40 KultureaUrriaren 9tik 14ra, zortzi ekitaldi programau ditue.
Abangoardia eta tradizinoa batzeko helburuagaz antolatzen dabe urtero Mareak jaialdia Bermeon. Jaialdiaren hirugarren edizino honetan, ohiko moduan, musikea izango da ardatza, baina hainbat arte-disziplinagaz nahastauko dabe. Ane Ortube Mareakeko antolatzaileak eta Aingeru Astui Bermeoko Udaleko zinegotziak aurkeztu dabe egitaraua, Arrantzaleen Museoan egindako ekitaldian.
Guztira, zortzi ikuskizun eta kontzertu atondu ditue eta agertoki bakarra aukeratu ordez, herriko hainbat lekutara zabaldu dabe egitaraua. Esaterako, urriaren 9an, astelehenean, Bermeoko Kafe Antzokian izango da lehenengo hitzordua: Between dog and wolf, the story of New Model Army dokumentala proiektauko dabe. Ingalaterrako musika taldea izan zan New Model Army, Bradford urian 1980an sortua, eta haren gorabeherak kontetan ditu filmak. Sartzea doban da.
Hurrengo egunetan kontzertuak izango dira Mareaken proposamena: Martitzenean, Joseba Irazokik joko dau Beleza Malandra Ateneo Kulturalean eta, eguaztenean, Londresko Black Market Karma, Castelloko Los Amantes eta Bilboko Aries egongo dira Kafe Antzokian.
Urriaren 12an, leku berezi eta historiko batera joango da Mareak, frantziskotarren klaustrora hain zuzen. Sevillako Emilio Villalba eta Sara Marina musikariek Peregrinatio aurkeztuko dabe, Europako Erdi Aroko musikan oinarritzen dan ikuskizuna.
Neonymus taldea Bermeora bueltauko da eta, ganera, saio bi eskainiko ditu: Hilaren 13an Ultrahumano proiektu barria aurkeztuko dau Kurtzioko eleizan eta 14an, aldiz, edade guztientzako kontzertua emongo dau Arrantzaleen Museoan. Egun horretan bertan, Beleza Malandran joko dau Honky Tonky Sanchezek. Emonaldi hori amaitu eta gero, DJ Wichita & The Afro Sounds bermeotarren doinuek alaituko dabe gaua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!