Artea eta diseinua bat eginda, Anni Albersen sorkuntzetan

Dabi Piedra 2017-10-05 12:57   Kulturea

Bilboko Guggenheim Museoak artista alemaniarrari eskaini deutso bere erakusketa barria.

Manuel Cirauqui azalpenak emoten, alboan Nicholas Fox Weber eta Juan Ignacio Vidarte dituala | Ikusi handiago | Argazki originala

20. mendeko arte abstraktua ulertzeko giltzarria da Anne Albersen (1899-1994) lana ezagutzea, Guggenheim Museoko arduradunek adierazo dabenez, Ikusmena ikutu izeneko erakusketea aurkezteko ekitaldian. Izan be, Albersek mende horren hasieratik amaierara arte lan egin eban, baina, batez be, arteari bide barriak zabaldu eutsazan: Ehungintzea, joskintzea, oihalak eta abar bere obran sartu eta, modu horretara, diseinua eta artea buztartu zituan.

Mundu Gerren bitarteko Alemaniako ikur izan zan Bauhaus etxean ikasi eta behar egin eban Anni Albersek, senarragaz batera. Naziek poterea hartu ebenean, baina, Bauhaus proiektua amaitu egin zan eta Albers andra-gizonek Estadu Batuetara jo eben. Han, Black Mountain College-ko kide izan ziran, Amerikako artearen abangoardian.

Bauhausen ikasitakoa eta Black Mountainen landutakoa, biak dira ezinbestekoak Anni Albersen obrea ulertzeko. Horrezaz gan, Erdiko Amerikako arte indigena tradizionalagaz izandako hartu-emonak be eragin sakona izan eban bere sorkuntzan. Batez be, Mexikoko emakume indigenek menderik mende landutako ehunak eta oihalak, eta bertan agiri diran diseinuak, izan ziran Albersen inspirazino iturri.

Bilboko Guggenheim Museoan ikusi leitekezan pieza gehienak, hain zuzen, kultura amerikarren diseinuetan oinarritutako lanak dira, batzuk marraztuak, beste asko telare eta oihaletan josiak. Obra batzuk sekula ikusi bakoak dira eta badagoz aspaldian erakutsi bakoak be. Albers Fundazinoarenak dira Bilbora ekarritako lan gehienak.

Zazpi hamarkadako ibilbidea hiru aretotan batzeko erronkea Manuel Cirauqui komisarioaren eta haren lantaldearen ardurea izan da. Halandabe, ez dala denpora aldetik lineala adierazo dau Cirauquik: Momentu eta formen arteko konstelazinoak, edo moltsoak, sortu doguz. Albersen ibilbidean denporazko garapena topetea be ez da erraza, kontzeptu berberetara behin eta barriro bueltetan zalako, baina aldi bakotxean begirada barri bategaz.

Ehunen eta testuren lengoaian aitzindaria izan zan Anni Albers, azaldu dau komisarioak, arte nagusien pare, batez be pinturearen pare, ipini eban sorkuntza klase hori. Formei zein testureari garrantzi handia emoten eutsan, Bauhausetik hartutako idea bat oinarrian: Artistak formak lantzen dituala. Hartara, artea eta diseinua lotu zituan.

Erdiko Amerikako, batez be Mexikoko, tradizinoetan oinarritu zan Albers, baina ez estilo hareek berreskuratzeko asmoz, ezpada arte modernoan lekua eukiela aldarrikatzeko. Modernotasunaren atenporaltasunari errekonozimendua da, menderik mende transmitidu diran diseinuak be arte modernoa dirala esaten eban, azaldu dau Nicholas Fox Weber-ek, Albers Fundazinoko buru eta Albers senar-emazteen lagun izandakoak.

Albersen lana aztertzeko orduan, materialen konbinazinoak dakar edertasuna, Fox Weberren ustez. Era guztietako papel, oihal eta hariak erabili zituan, baita makina ugari be, ehungintzakoetatik hasi eta idaztekoetaraino. Gure inprimategira etorten zan materiala lantzeko bide barriak ezagutzeko, teknologia erabiltea gustoko eban materiala aldatzeko, gogora ekarri dau Max Weberrek.

Guggenheim Museoko 305, 306 eta 307 aretoetan dago Anni Albers, ikusmena ikutu erakusketea, 2018ko urtarrilaren 14ra arte. Gaur egungo artearen oinarrien inguruan antolatzen gabizan erakusketetako bat da hau, zehaztu dau Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak. Anni Albers, artista trebea ez eze, teorialari oparoa izan zan ezkero, ohiko katalogoaren ordez bestelako argitalpen bat plazaratu dabe. Ehungintzearen inguruan Albersek berak 1965ean idatzitako tratadu bat da, lehenengo aldiz gaztelaniara eta euskerara itzulita.

Anni Albers, 'Morapiloa', 1947 (Argazkia: Tim Nighswander/Imaging4Art). ©The Josef and Anni Albers Foundation
Anni Albers, 'Uria', 1949 (Argazkia: Tim Nighswander/Imaging4Art). ©The Josef and Anni Albers Foundation

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu