Adin Adin egitasmoa barikuan hasiko da Lazkaon
2017-10-05 09:36 BertsolaritzeaBertsoen bidez edadeko personen gaitasuna sustatzea da asmoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko Adin Adin egitasmoak laugarren urtez bere helburuari eutsi eta bertsoaren bidez edadeko personen gaitasuna bultzatu nahi dau. Horretarako, egoitzetan bizi diran zahar etxeetako personen bizi kalidadea hobetu eta gaitasun psikoemozionalak landuko ditue.
Danetara 14 saio atondu ditue aurten, zemendiaren amaierara arte Gipuzkoako hainbat herritan. Lehenengoa bariku honetan egingo dabe Lazkaoko Txindoki egoitzan. Aurten, ganera, beste hiru egoitza izango dira egitasmoan: Segurako San Juan, Zestoako San Juan eta Usurbilgo Puntapax eguneko zentroa.
Maite Peña Gizarte Politikako diputaduak adierazo dauenez, orain arte egindako bideak erakutsi dau ekimenaren arrakastearen gakoa edadekoen parte-hartzea bultzatzea dala, batetik eta euren arteko hartu-emonak hobetzea bestetik. Egoitza bakotxera bertsolari bi joaten dira, ahal bada eskualdekoak, ezagutzeagaitik, belaunaldi desbardin bitakoak eta gizonezko eta emakumezko bat izatea be bilatzen dabe.
Proiektu honen bidez, bertsolaritzea zahar-etxeetara hurreratu nahi dabe, ahozkotasunak dauen potentzial osoagaz, modu ludiko eta terapeutiko baten. Egitasmoaren aurkezpenean azaldu dabenez, bertsoa bitarteko bihurtzen da edadeko personek euren memoria lantzeko. Euren bizipenak, gomutak gogoratzen ditue eta gatxa da motibazino hori beste modu baten lortzea, bertsoa emozinoetara heltzen dan tresnea dalako.
Metodologia bereziagaz lantzen dira bertso saio honeek. Aurrez zahar-etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezia egiten dabe bertso zahar eta kantu herrikoien ganean, egoiliarrakaz, holan bertsolariak doazanean parte-hartzea suspetzen da.
Bestalde, azken hiru urteotako balorazino positiboak ikusita, aurten be bertsolariek prestaketa lana egin dabe, kantu eta istorio zaharrak landuta, edadekoak saioan bete-betean sartu daitezan.
Bertso saioen egutegia:
Lazkao. Urriak 6. Txindoki egoitzea. 17:00 German Urteaga eta Iñaki Murua.
Tolosa. Urriak 18. Uzturre egoitzea. 17:00 Oihana Iguaran eta Xebastian Lizaso.
Azkoitia. Urriak 19. San Jose egoitzea. 16:30. Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso
Bergara. Urriak 26. Mizpirualde egoitzea. 17:00. Maider Arregi eta Jexux Mari Irazu.
Beasain. Urriak 27. Arangoiti egoitzea. 17:00 Iñaki Murua eta German Urteaga.
Donostia. Zemendiak 6. Zorroaga egoitzea. 17:30 Ane Labaka eta Andoni Egaña..
Tolosa. Zemendiak 7. Yurreamendi egoitzea. 16:30. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.
Arrasate. Zemendiak 9. Iturbide egoitzea. 17:00 Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi.
Azpeitia. Zemendiak 10. San Martin egoitzea. 17:00. Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Beñat Lizaso
Oiartzun. Zemendiak 17. Petra Lekuona egoitzea. Goizez. 11:00. Exteban Martiarena eta Jon Martin.
Errenteria. Zemendiak 21. Jesusen Bihotza egoitzea. 17:00. Alaia Martin eta Andoni Egaña.
Usurbil. Zemendiak 22. Puntapax eguneko zentroa. 10:30. Anjel Mari Peñagarikano eta Ane Labaka
Zestoa. Zemendiak 24. San Juan egoitzea. 11:00. Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso
Segura. Zemendiak 27. San Juan egoitzea. 17:00. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!