Bilboren eraldaketea, José Luis Ramírezen argazkien bidez
2017-10-04 12:47 KultureaOndare Aretoan egongo da erakusketea, zemendiaren 30era arte.
José Luis Ramírez injineru eta argazkilariaren ehun argazki baino gehiagok hartu dabe Ondare aretoaren erakusketa gelea, Bilboko erdigunean. Bizkaiko Foru Agiritegiari artisteak berak egindako dohaintzearen zati bat ikusi leiteke bertan, dokumentu zein arteari jagokonez, balio handiko argazkiak hain zuzen. Portuko Agintaritzearen jaubetzakoak diran beste argazki batzuk be badagoz erakusketan.
Paisajea da Europako Ondarearen Jardunaldien aurtengo gai nagusia eta horregaz bat egin dau Ramírezi eskainitako erakusketa honek, izan be, Bilboren eraldaketea erakusten daben argazkiak dira, bost atal edo bildumatan banatuta: Bilboko portua (2004), 9999 egun igeskor (2007), Bilbo bi libururen artean (1991-2012), Interfazea (2015) eta Miribillaren eraldaketea (2017).
José Luis Ramírezek berak egiten ditu negatiboak, positiboak, argazkigintza tradizionala zein digitala. Kalidade handia emoten deutse bere proiektu guztiei, Ondare aretoko arduradunek adierazo dabenez. Hasieran, herriko ohiturak landu zituan, gero, eguneroko jarduerearen agertoki diran uri-paisajeak eta paisaje industrialak. Azken sasoian, denporea zelan pasetan dan aztertu dau bere proiektuetan, eta kolorea gehitu deutso bere lengoaia fotografikoari.
Ondare Aretoa Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapeko zentrua da eta bat egin dau Ondarearen Europako Jardunaldiakaz. Hartara, Ramírezen erakusketea ez eze, berbaldi zikloa antolatu dau urrian. Lehenengo hitzordua eguenean, urriaren 5ean, izango da, Antonio Lista urigintzako eta geologiako adituaren eskutik. Berbaldiak zein erakusketea dobako jarduerak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!