Xabier Minaren ibilbidea liburu baten batu dau Kepa Larreak

Bizkaie! 2017-10-04 08:48   Kulturea

Mexikon 28 urtegaz hildako gerrillari nafarraren gorabeherak kontetan ditu Mina edo libertatea! lanean.

Xabier Minaren erretratua | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazterik hil zan arren, era guztietako abenturak bizi izan zituan Xabier Mina nafarrak (Otao, 1789- Guanajuato, 1817). Iruñean bertan zein Mexiko urrunean ibili zan burrukan, askatasunaren alde eta Fernando VII.a Espainiako erregearen kontra. Berrehun urte bete dira Minaren heriotzatik eta Kepa Larrea historialari eta idazlearen ustez, ez da bidezkoa halako pertsonaia bat ahaztua egotea. Mexikon bai, heroitzat daukie, baina Euskal Herrian ia inork ez dau ezagutzen.

Hartara, Mina edo libertatea! liburua idazteari ekin eutsan Larreak, Xabier Minaren lehenengo euskerazko biografia. Donostian aurkeztu dau lan horren emoitzea. Azkenean, liburuaren osogarri, Biba Mina! Kantuak eta kontuak izeneko beste liburu bat be atera dau Larreak. Izan be, zeresan handia eragin eban Minak bere sasoian eta orduko abesti eta bestelakoak batu ditu hor, baita fikzinozko kontakizun batzuk be.

Mina persona karismatikoa izan zan, arerioek be errespetau egiten eben, Larrearen esanetan. Liberala eta, batez be, askatasunen aldekoa izan zan, errepublikearen eta Amerikako kolonien independentziaren alde agertu zan beti. Lehenik eta behin, baina, jaioterrian bertan ibili zan burrukan, Nafarroa okupau eban Napoleonen kontra hain zuzen. Preso be euki eben frantsesek.

Espainia Erregimen Zaharrera bueltau zanean, Minak Fernando VII.a erregearen kontra egin eban. Espainiako monarkiaren onartu ez, eta idea liberalak aldarrikatu zituan. 1815ean, Ingalaterrara iges egin eta handik Mexikora jo eban, independentziaren aldeko indarren buru. Ospe bikaineko generala izan zan Mexikon, Larreak kontau dauenez. Biba libertadea eta biba Mina! ei zan orduko independentisten oihuetako bat.

Erregearen aldeko indarrek harrapau eta 1817an fusilau eben Xabier Mina, 28 urte baino ez zituala. Kepa Larreak salatu dauenez, Nafarroan berehala zikindu nahi izan eben generalaren izena, baita liberalek eurek be. Francisco Espoz y Minak, Xabier Minaren urruneko senide be bazanak, asko lagundu eban horreek kritikak zabaltzen. Hori dala eta, gaur egun kale bakarra dago Nafarroa guztian Xabier Mina izenekoa.

Plazaratu barri dauen biografiagaz, Minak jagokon lekua berreskuratu daiala nahi dau Larreak. Ganera, heriotzearen 200. urteurrena zemendian izango danez, erakundeek ekitaldi ugari antolatuko ditue hurrengo asteetan.

Mina edo libertatea! liburu nagusia eta haren osogarri Biba Mina! Kantuak eta kontuak Pamiela etxeagaz argitaratu ditu Kepa Larreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu