Euskerearen Aholku Batzorde barrituak batzarra egin dau

Bizkaie! 2017-10-04 08:41   Euskerea berbagai

Bilbon egin dabe legegintzaldi honetako lehenengo topaketea.

Aholku Batzordeko kideak, batzarraren aurretik, Bilbon (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hainbat barritasun ekarri ditu Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, egindako batzarrak, batez be kide barriei jagokenez. Eusko Jaurlaritzearen izendapenez heldu dira kide barri gehienak, baina alderdi politiko batzuek be aukeratu ahal izan dabe bana. Esaterako, EH Bilduren ekimenez Joseba Alvarez sartu da eta Elkarrekin-Podemosek eskatuta, Gotzon Egia. EHUko errektoreorde Patxi Juaristi eta Jon Zarate be Euskerearen Aholku Batzordean dagoz orain.

Era berean, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi eta Euskerearen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabit be Euskerearen Aholku Batzordean egongo dira aurrerantzean, Nafarroako eta Iparraldeko horreek erakunde biek eta Jaurlaritzeak sinatutako akordioari kasu eginaz.

Beraz, 68 kide ditu gaur egun Euskerearen Aholku Batzordeak. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, horreek danak batu dira Bilbon, euskerearen inguruko hainbat gai jorratzeko asmoz. Azken hamarkadetan euskereak izan dauen aurrerabidea azpimarratu, baina lanean segidu behar dala adierazo dau Urkulluk: Adostasun politikoak eta instituzinoen lanak, euskalgintzearen ahaleginak eta, batez be, gizartearen atxikimenduak ekarri dabe euskereak egindako bide oparoa. Honek guztiak agertoki barri batera ekarri gaitu, baina hainbat erronka doguz aurrean euskerearen bizibarritze prozesuan.

Besteak beste, Euskerearen VI. Inkesta Soziolinguistikoa aitatu dabe batzarrean, oraintsu argitaratutako datuak esanguratsuak dira eta. Zenbat euskal hiztun dagozan jasoten da inkesta horretan, baita hiztun horreek zelako jarrerak eta ezaugarriak dituen be.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu dau lau helburu daukiezela legegintzaldi honetan: Lehenik, Eusko Jaurlaritzeak euskerearen ezagutzea bultzatzen segitzea. Horrezaz gan, euskerearen erabilerea sustatzeko ekimen eta proiektuak bultzatzea, batik bat astialdian eta ingurune ez-formaletan. Hirugarrenik, hizkuntza-eskubideen bermean pauso barriak emotea. Azkenik, euskerearen lurraldeen arteko hartu-emonetan eta koordinazinoan sakontzea.

Zupiriaren berbakaz bat eginaz, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak erabilerearen garrantzia nabarmendu dau. Batzorde barri bi sortuko ditue, bata euskerearen erabilerearen eta gizarte aktibazinoaren ganekoa; bestea, arlo sozioekonomikoan euskerea bultzatzeko. HAKOBAren, Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordearen, zereginak eta erronkak be azaldu ditu Dobaranek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu