Euskaltzaindiaren eta Baionako Euskal Museoaren arteko lankidetzea
2017-10-03 08:31 Euskerea berbagaiErakunde bietako ordezkari nagusiek batzarra egin dabe, akordioa sinatzeko.
Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, garrantzitsua da urtero-urtero emoten dogun pausu hau, Euskal Museoaren helburua geurea be badalako, hau da, euskal kulturearen garapena eta zabalkundea bultzatzea. Hortaz, Baionan bertan egindako batzarrean, Euskaltzaindiaren eta Euskal Museoaren arteko lankidetza akordioa sinatu dabe, 2017ko zereginak zehazteko.
Hitzarmenari esker, erakunde biak alkarlanean ibiliko dira, euskal kulturea zabaltzeko proiektuetan eta hizkuntzearen arauei jagokozan kontuetan. Akademiak erantzuna emongo deutse Euskal Museokoek egindako galderei, euskerearen zuzentasunaren, lexikoaren, ortografiaren eta abarren inguruan. Ganera, hizkuntza baliabideak ezagutzeko ikastaro edo mintegiak antolatu eta, alkarlanean, euren biblioteketako funtsak handituko ditue.
Era berean, 2017aren azken txanpa honetan, Baionan erakusketa bi antolatzeko konpromisoa hartu dabe erakunde biek: Batetik, irailaren 11tik ikusgai egon dan Euskara ibiltaria; bestetik, zemendiaren 20tik abenduaren 17ra, Pirinioetako hizkuntzak izenekoa. Ganera, Erlea aldizkariaren 11. zenbakia Baionan aurkeztuko dabe abenduan.
Euskerearen presentzia areagotuko da urian, Euskaltzaindiak eta Baionako Udalak aurten bertan sinatutako akordioaren osogarri parebakoa izango da hau, adierazo dau Baionako alkateorde Yves Ugaldek. Ekitaldian, Ugaldegaz batera, Jean-Claude Larronde museoko lehendakaria egon da. Euskaltzaindiaren ordezkari, Andres Urrutia eta Xarles Videgain joan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!