Zinemaldiko pelikularik onenak Bilbora helduko dira asteon
2017-10-02 13:21 ZinemeaDomekara bitartean, egunero film bat emongo dabe Azkuna Zentroan.
Seigarren urtez, Donostiako Zinemaldiak emon dauen guztiaren zati bat Bilbora be helduko da, Azkuna Zentroko proiekzinoei esker. Zinemaldiaren 65. edizinoan aurkeztutako zazpi lan aukeratu ditue, Espainian estreinaldia izan diranak. Sail Ofizialekoak ez eze, beste ataletako lanak be badagoz aukeraketan, batez be Perlak-ekoak.
Auditoriumean izango dira proiekzinoak, arratsaldeko 20:00etan, eta 4,5 euro balio dau sarrereak. AZ txartela daukienak 3,5 euroren truke sartu ahal izango dira. Gaur, astelehena, Handia euskerazko pelikuleagaz ekingo deutsie zikloari eta domekara bitartean arratsaldero emongo dabe film bat. Beraz, zazpi saio izango dira guztira.
Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazi barri helduko da Handia Bilbora. Altzoko Handia-ren inguruko euskerazko film hori, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendua, publikoaren zein kritikearen gustukoa izan da Zinemaldian. Handia-ren aurretik, 18:00etan, zikloaren hasiera legez, Bertha Gaztelumendiren Volar be emongo dabe; Emakundek produzidutako eta Zinemaldian estreinautako dokumentala da, eraso sexisten ingurukoa. Horra doban sartu leiteke.
Hurrengo egunetako programazinoan era askotako filmak dagoz. Martitzenean Perlak saileko Happy End (Michael Hanekek zuzendua) emongo dabe eta eguaztenean, Zinemaldiko sail berean aurkeztutako Wonderstruck, Todd Haynes ipar-amerikarrak zuzendua. Eguenean pelikula frantziar bat, Xavier Legrand-en Custody programau dabe, Perlak-eko beste bat. Horizontes Latinos sailak hartuko dau lekukoa barikuan, Sebastián Lelio-ren Una mujer fantástica-gaz eta zapatuan eta domekan, barriro Perlak atalekoak: Andrei Zvyagintsev-en Loveless eta Michael Showalter-en The Big Sick.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!