Euskal sortzaileei 'indarra' emon nahi deutsie Marabilli Festibalean

Dabi Piedra 2017-10-02 12:06   Kulturea

Aitzol Aramaio ez eze, Jose Mari Argoitia be gogoratuko dabe urriaren 5etik 8ra.

Bilboko Kafe Antzokian emon ditue Marabilliren inguruko detaile guztiak | Ikusi handiago | Argazki originala

Laugarren edizinoa dau Ondarroako Marabilli Sormen Festibalak eta, aurrekoetan legez, sortzaileak izango dira egitarauaren erdigunea. Antolatzaileen esanetan, ia herri osoan egongo dira jarduerak lau egunez, eguenetik domekara. Musikea, zinemea, berbaldiak, antzerkia, argazkigintzea eta abar izango ditue herritarrek eta bisitariek aukeran. Marabilli, batez be, sortzaileen topakeku izatea nahi dogu, alkarregaz egoteko lekua, adierazo dau Kirmen Uribe idazle eta antolatzaileak. Era berean, Ondarroako herriari bizia emon nahi deutsie.

Oraingo honetan, ganera, euskal sortzaileei garrantzi handiagoa emongo deutsiela agindu dabe antolatzaileek. Batez be, heldutasunera heltzen dagoan belaunaldi baten ipini dabe arretea: Asier Altuna, Kukai taldea, Ander Lipus, Zea Mays, Oskar Alegria eta Iratxe Fresneda aitatu ditu Uribek, Marabillin parte hartuko daben belaunaldi horreetako kideak gogoratzeko orduan. Olatu handia da belaunaldi hori, eta hazten dago.

Aitzol Aramaio zinema-zuzendaria zana gogoratzeko eta omentzeko hasi ziran Marabilli antolatzen. Haren senideak, lagunak eta auzokideak dira bultzatzaileak eta, beraz, ez dira profesionalak. Aurtengo ekitaldian Jose Mari Argoitia be omenduko dabe. Asko ikasi dogu beragandik, dino Uribek. Juan Carlos Perez, Jose Garate eta beste hainbat lagun egongo dira zapatuko omenaldian.

Dana dala, Marabilliren laugarren edizinoko nobedade nagusia I. Euskal Herriko Sormen Saria izango da. Zapatuan emongo deutsie euskal sortzaile bati, egindako ibilbide oparoagaitik, baina antolatzaileek ez dabe aurreratu nor izango dan irabazlea. Sarituak berak be ez ei daki oraindino.

Kontuak kontu, proposamen askotarikoa dakar beste behin Marabillik, eguenean hasita. Ekitaldi aitagarrienen artean, eguenean bertan, 10 minutu saioa dago. Sortzaile ugari konbidauko ditue, hamarna minutuan euren jarduerearen barri emon daien. Besteak beste, Jon Maya, Iratxe Fresneda, Ander Lipus, Igor Zalakain eta Miren Amuriza egongo dira. Ostean, musikea eta Kukairen jantza ikuskizuna eratu ditue. Antolatzaileen arabera, ez da sarrerarik geratzen saio horretarako.

Barikuan, beste ekitaldi askoren artean, Xurxo Souto idazle galiziarrak Contos do Mar de Irlanda aurkeztuko dau. Marabilliko arduradunen esanetan, Galiziaren eta Ondarroaren arteko hartu-emon estua egitarauan agertu nahi izan dabe. Asier Altuna zinemagileak bere sekuentzia kutunak azalduko ditu eta gauean kontzertuak eratu ditue: Joseba Irazoki eta Antxon Uskola lehenengo, Amparanoia ondoren.

Zapatuan, Kalakan taldeko kide Manez bere proiektu barria aurkezten egongo da Ondarroan eta, eguerdi partean, Marabilli Jan! sukaldaritza topaketea egingo dabe, herriko lau sukaldari protagonista dirala: Aitzol Aramaioren lau pelikulatan oinarrituta, pintxo bana sortuko dabe, azaldu dabe antolatzaileek. Abante Zina Aitzol saioaren barruan, Elkarrekin Together pelikulea ikusi ahal izango da. Egun horretako kontzertuak Zea Mays eta Los Zopilotes Txirriaos izango dira.

Amaitzeko, domekan, besteak beste Ondarroako eta Lekeitioko bertsolarien arteko desafioa eta ArteDramaren Hozkailua antzezlana egongo dira. Ganera, aste guztian Oier Ituarteren Aztarnak argazki erakusketea ikusgai dago Alamedako Udal Aretoan. Ezin da ahaztu, bestetik, herriko eragile askok euren kontura jarduera ugari antolatu dituela, eta Marabilliren egitarauan sartu dituela gero. Esate baterako, Barnetegia gunean egitarau zabala atondu dabe eta Marabilli Off izenburupean aurkeztu dabe.

Egitaraua osorik, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu