Juantxo Arakama: 'Autogestinoa da proiektu hau kudeatzeko modurik onena'

Ainhoa Lores 2017-10-02 08:00   Barriketan

Glaukoma taldeko abeslaria.

Udearen azken txanpeagaz batera ikusi eban argia Kalima-k, Glaukoma taldearen lehen lan luzeak. 2012an euren lehen diskoa kaleratu eben Vol. 1 izenpean, bigarrena, barriz, Vol. 2,  2013an argitaratu eben. Hiru diskoak Bonberenea Ekintzaken eskutik kaleratu ditue.

Kalima diskora hamahiru kantu batu ditue, batzuk euskeraz, beste batzuk gaztelaniaz eta tartean pieza bi instrumentalak dira. Euren betiko estiloari eutsita baina sakonagoa, gogorragoa eta berba zorrotzakaz dator gipuzkoarren lan barria. Juantxo Arakama abeslariak Kalima-ren ganeko argibide gehiago emon deuskuz.

 

1.- Disko txiki biren ostean, beste pausu bat emon eta lehen lan luzea argitaratu dozue. Zeozer aldatu da Glaukoman?

Uste dot kontua ez dala zer aldatu dan. Oraingo honetan hasieratik argi geunkan disko honi behar beste denpora eskaini nahi geuntsala. Horregaitik egon gara geldirik azken urtebetean. Honek ahalbidetu deusku disko luzeago bat egitea, LP bikotxagaz. Zeozer aldatu dan edo ez diskoan bertan igarriko da, baina ez da luzeago bat egitearen arrazoia.

 

2.- Kalima da zuen hirugarren diskoaren izena. Zergaitik izen hori?

Kalima basamortutik datorren haizea da. Disko honetan basamortuak garrantzi handia dauka, gauza asko islatu leikezan irudi bat dalako. Basamortua biziten gabizen aroa da, posmodernidadea edo dana dalako hau. Gure ingurunea be bai, hip-hop eta reggaeari jagokonean. Basamortu horren haizea, barriz, gure diskoa bera izan daiteke.

 

3.- Diskoa lehorra eta likitsa da aldi berean, holan aurkeztu dozue. Zergaitik dinozue hori?

Berba horreek gure adiskide Eneko Barberenak idatzitakoak dira. Uste dot esan nahi dauela alde batetik berben eta erritmo batzuen gogortasuna edo esplizidadea eta, bestetik, musikaltasun bat be badaukalako.

 

4.- Behin komentau zenduen baterian eta baxuan eregiten dirala berbak. Era berean, zuk zeuk idazten dozuz berbak eta horregaz batera, erritmoak eta errimak. Beraz, zer sortzen da lehenengo, musikea ala berbea?

Abesti bakotxa mundu bat da. Batzuetan berbea dator aurretik, beste batzuetan gitarra akorde bat, bateria erritmo bat... Egia esan ez daukagu metodo finkorik zentzu honetan. Bateria eta baxua erritmoaren oinarria dira, eta ona izaten da honeekaz asmeteaa, ondoren beste guztia ganean eregiteko.

 

5.- Kanten letrei jagokenez, hainbat gai jorratzen dozuez, generoa da bat, etorkinak beste bat, ezta? Zer eragin nahi dozue jentearengan?

Ez dakit oso ondo zer eragin nahi dogun. Gaiek gugan zer eragiten daben da kontua. Nik askotan ez dot pentsetan zeren ganean idatzi, ateratzen hasten da eta sentiduten dodanaren arabera jokatzen dot.

 

6.- Pass The Weed abestian reggae eta rap estiloko taldeei egiten deutsazue erreferentzia? Zelan ikusten dozu panoramea Euskal Herrian, gaur egun estilo mueta honetako taldeei jagokonez?

Bai, zehatzago esateko, euskeraz ibilten diran batzuei egiten deutsegu erreferentzia. Uste dogu talde asko dagozala gero eta hobeak diranak, gero eta maila handiagoan dabizenak estilo honeek jorratzen. Arazoa betikoa da: Euskal Herriko musika industria ez da konturatu edo ez dau konturatu nahi, talde honeek oso gitxi programetan diralako jaialdi edo antzekoetan, komunikabideek kasu gitxi egiten deutsielako...

Taldeei jagokenez, panoramea osasuntsu dago eta gero eta gauza politagoak ikusten dira, batez be euskeraz, baina gatxa da honi bultzada bat emotea eszenatokietan eta jaietan tokirik ez bajake egiten, irratietan agertzen ez badira...

 

7.- W.Y.R.D.K.A abestian barriz, letrarik ez. Zergaitik?

Interludio bat da, ondoren datorren Recreation abestiagaz lotuta dagoana. Biak dira ia instrumentalak, gorputzak holan eskatu euskulako egin genduzan sasoian. Diskoan badago nahikoa berba, beraz ondo dago baita be musika instrumentuak bere horretan entzuteko aukera bat izatea.

 

8.- Kalima kaleratu zenduenetik, aurkezpen kontzertu batzuk emon dozuez. Jenteak zelan hartu dau diskoa?

Oraingoz oso ondo. Kontzertu bi egin doguz Bonberenean eta bietan beteta egon da, sarrerak agortuta. Ezin gara kexau, diskoa kaleratu zanetik egun gitxi pasau baziran be, jenteak abestiak baekiazalako, ia nik baino hobeto!

 

9.- Autogestinoarena izan da zeuen bidea. Diskoa salgai dago baina saretik be jatsi daiteke doban. Zein da zehatz esanda zuen filosofia, gai honi jagokonez? Musikea militantziagaz be lotu izan dozue, ezta?

Guretzat musikea militantzia da eta uste dogu autogestinoa dala proiektu hau kudeatzeko modurik onena. Honetaz gan, uste dogu gaur egun ez daukala zentzunik diskoa formatu fisikoan bakarrik kaleratzeak. Edozeinek igon leike edozer Youtuben edo deskarga librean jarri, dendan eskuratu eta gitxira, beraz pirateriaren aurkako argumentuek be ez dabe gehiegi balio. Gure musikea eta kaleratzen doguna gure esku dago, eta gure nahia da inork zailtasunik ez eukitea material hau eskuratzeko. Formatu fisikoan nahi dozula? Dendetan edo gure kontzertuetan erosi zeinke. Internetetik doban jaitsi nahi dozula? Ederto, eta ganera ahalik eta kalidade onenean.

 

10.- Hiru diskoak Bonberenean grabau dozuez. Zer emoten deutsue Bonbereneak diskoetxe arrunt bategaz alderatuta?

Urte asko daroaguz han eta uste dot geure proiektua autogestionetaeko modurik onena izan dala. Diskoetxe arrunt baten funtzionamendua ez dakit zelakoa dan, baina Bonberenean egoteak gure musikea geurea izatea ahalbidetzen deusku eta, ondorioz, nahi dogun moduan kudeatu ahal izaten dogu.

 

11.- Hurrengo hilebeteetako agendea zelan daukazue?

Urriaren 5ean, Arrasateko Gaztetxean joko dogu, 7an, Bilboko Stage Liven eta 28an, barriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Zemendian, Donostian, Biarritzen, Bartzelonan eta Ondarroan izango gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu