Jaroslav Guvarev-ek irabazi dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Saria
2017-09-29 11:25 Euskerea berbagaiBernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak ukrainierara itzuli dau.
Itzultzailea ez eze, unibersidade irakaslea be bada Jaroslav Guvarev bere jaioterrian, Ukrainian. Behi euskaldun baten memoriak, Bernardo Atxagaren lan ospetsuenetako bat, ukrainierara itzuli dau (Мемуари корови) eta Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariko epaimahaiaren oneretxia lortu dau. Guvarevek erabili dauen lexiko aberatsa eta jatorrizko testuko esamoldeak itzultzeko erabili dauen irudimena txalotu ditue epaileek. Liburuaren umoreari eutsi deutso ukrainierazko bersinoak eta, beraz, saria lan honi emotea erabagi dabe, aurkeztutako ganerako hiru lanak be oso onak diran arren.
2017ko edizino honetan, lehenengoz saritu dabe zuzenean euskeratik itzuli ez dan liburu bat, Guvarevek zubi hizkuntza bat erabili dauelako euskeratik ukrainierarako bidea egiteko. Epaimahaiaren ustez, hori errealidadearen erakusle baino ez da, askotan zubi hizkuntzen bidez helduko da euskal literaturea merkadu barrietara.
Epaimahaian honeek egon dira: Inaxio Garro Laboral Kutxako euskera arduraduna, Irene Larraza Etxepare Institutuko sustapen zuzendaria, Nami Kaneko itzultzaile eta igazko irabazlea, Elizabete Manterola itzultzailea eta Xabi Paia itzultzailea.
Jaroslav Guvarevek pozik jaso dau sariaren barri, Etxepare Institutuaren arabera. Atxagaren liburua itzultzea esperientzia zirraragarria izan da, Euskal Herriko literaturea, historia eta kulturea hobeto ezagutzeko aukerea eskaini deust, adierazo dau Donetskeko Unibersidadeko irakasleak. Gaztea dan arren, 1991n jaioa, atzerriko hizkuntzetatik ukrainierara liburuak itzultzen ibilbide oparoa dauka Guvarevek, besteak beste portugesetik eta gaztelaniatik.
Anetta Antonenkoren argitaletxeak plazaratu dau Мемуари корови Ukrainian. Beti interesau jat kalidadeko literaturea, hau argitaratzeaz be harro nago, azaldu dau Antonenkok, ukrainiarrek euskaldunena lako kultura aberats batera hurreratzeko aukerea izango dabe. Literatura garaikidea, ukrainiarra zein atzerrikoa, argitaratzen dau Anetta Antonenkok.
Bernardo Atxaga idazle gipuzkoarra be pozik dagoala dino Etxeparek. Atzerriko hizkuntzetara gehien itzulitako euskerazko idazlea dan arren, honako hau lehenengoa da ukrainieraz. Beste irakurle batzukana heldu ahal izatea barri bikaina da Asteasukoarentzat, eta Ukrainiako irakurleren baten gutuna noz helduko zain geratuko dala ganeratu dau.
Etxepare-Laboral Kutxa saria irabazteagaitik, 4.000 euro jasoko ditue Guvarevek eta Antonenkok, erdibana. Ganera, beste 2.000 euro izango ditue Ukrainian liburuaren sustapena egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!