Bilboko dendariei euskerea ikastea erraztuko deutsie

Bizkaie! 2017-09-27 09:52   Euskerea berbagai

Beste urte batez, Biribilko programea martxan egongo da.

Aitor Elizegi sukaldaria, Koldo Narbaiza zinegotzia eta Siadecoko Jon Arrugaeta, Biribilkoren aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak, Bilbao Dendak alkarteak, HABEk eta euskaltegien sareak bat egin dabe, Siadecoren laguntzino teknikoagaz, Biribilko programea aurtengo ikasturtean be martxan egon daiten. Era horretara, merkataritzan dabizanek euskerea ikasteko edo hobetzeko erraztasunak izango ditue.

2009an sortu zan Bilboko Merkataritzan Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana, Biribilko izenpean, eta ordutik 1.261 izen-emote egon dira; esate baterako, 2016-17 ikasturtean, 170 lagun ibili ziran euskerea ikasten edo hobetzen.

Dendarien artean harrera ona daukan programea da Biribilko. Igazko erabiltzaileek bataz besteko 8,4 notea emon eutsien. Parte-hartzaileen hiru lauren emakumezkoak izan ziran eta bataz besteko edadea 45 urte izan zan. Ikasle gehienek uste dabe dendetan euskerea erabiltea prestigioaren, modernizazinoaren eta erakargarritasunaren seinale dala, bete daben inkestako datuetan jaso danez.

Bilboko Udalarentzat eta eragileentzat be ezinbesteko egitasmoa da Biribilko, uria euskalduntzeko bidean. Gizarte eta ekonomia alorretan aparteko garrantzia dauen sektorea da merkataritzea. Udalak dino uri euskaldun baten aldeko apustua egiten dauela eta horrek sektore guztietara euskerea zabaldu beharra dakarrela. Ganera, enplegua eta aberastasuna sortzeko erronkan be lagundu leike egitasmoak.

Kontuak kontu, interesa daukien merkatariek urriaren 6ra arteko epea dabe izena emoteko. Euskaltegietan zein biribilko.eus webgunean egin daiteke eskabidea. Webgune horretan, bestelako baliabide batzuk be eskaintzen jakez dendariei: norbere kabuz euskerea ikasteko materiala, sareko hiztegiak, errotuluak euskeratzeko jarraibideak eta abar.

Ikastaroak merkatarien ordutegietara egokitzen ahalegindu dira: Batetik, goizean goizetik, dendea zabaldu aurretik zein eguerdiko 14:15etik 15:45era. Biribilko programearen barruan honeek euskaltegiak dagoz: Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Indautxuko AEK, Juan Mateo Zabala, Lizardi, Matxintxu, Santutxuko AEK eta Ulibarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu