Disko 'ilunagoa' dakar Zazkelek
2017-09-26 12:15 MusikeaBanden Lehia irabazi, eta Ez entzun lana plazaratu dau orain talde bilbotarrak.
Zazkel taldeak ateratako lehenengo diskoaren aldean desbardintasun batzuk baditu bigarren honek. Lehenik eta behin, denpora aldetik estuago ibili dira taldekideak eta horrek sorkuntzea baldintzatu dau, izan be, igaz Banden Lehia irabazi eben eta urte erdi baino ez dabe izan Ez entzun argitaratzeko, ia hutsetik hasita. Bestetik, estilo aldetik ilunagoa da hau, baina Etxahun Arregi taldekideak uste dau freskoagoa be badala. Irati Arregi abeslariaren ustez, helduagoa da bigarren hau.
Edozelan be, desbardintasunak desbardintasun, Zazkelek ohiko estiloari eutsi deutso, hau da, funky erako doinuak, erritmo jantzagarriak eta 80ko hamarkadako Amerikako musikearen eragin nabarmena. Era berean, Ingalaterrako musikea be eredu dabela adierazo dau Etxahun Arregik: Euskal Herriko musikearen herentzia naturala da Ingalaterrakoa.
Euskal taldeen eragina be ez da ahaztu behar, danen ganetik, beharbada, Hertzainak dago, izan be, Infernuko atean kantu ezagunaren bersinoa sartu dabe diskoko zortzi abestien artean. Zehatz esanda, Hertzainakek bere sasoian egindako kantu horren bigarren bersino baten bersinoa da Zazkelek dakarrena.
Andoaingo Garate estudioetan grabau eta nahastautako diskoa da Ez entzun, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Irati Arregik onartu dauenez, abestietako berba batzuk amaitu barik sartu ginan estudiora, estu ibili gara, baina zutunik jausi gara. Haren neba eta taldekide Etxahun Arregik ganeratu dau erronkea izan dala diskoa horren denpora laburrean atontzea, urte erdian buru-belarri ibili gara honetan. Edozelan be, emoitzeagaz pozik dagoz Zazkelekoak eta entzuleak zirikatzeko tartea be hartu dabe, diskoari Ez entzun izenburua ipinita. Badago enigma bat hor, jenteak pentsauko dau ia zer ete dan entzun ezin dan hori, azaldu dau Etxahunek.
Afera ustela abestiaren bideoklipa plazaratu dau Zazkelek, ikusi hemen.
Banden Lehia barriro martxan
Baga Biga diskoetxeagaz plazaratu dau disko hau Zazkelek. Banden Lehia irabazteagaitik eskuratu daben saria da modu profesionalean diskoa grabau ahal izatea. Azkue Fundazinoak antolatzen dau urtero Banden Lehia, euskal musika talde amateurrei aukerea emoteko asmoz. Modu horretara, euskeraz abesten daben banda barriak ezagutzera emoten ditue eta musikearen munduan sartzeko baliabideak eskaintzen deutsiez.
Hurrengo edizinoa be, bederatzigarrena, abian jarri dau Azkuek. Aurreko urteetako egiturea izango dau aurtengoak: Banden Lehiaren webgunean izena emon eta euren kantuak argitaratu leikiez taldeek (hemen), epea zabalik dago. Publikoak Twitter bidez aukeratuko ditu talderik gustukoenak eta epaimahai profesional batek be eretxia emongo dau. Bien ikuspegiak aintzat hartuta aukeratuko dira lau finalistak. Honeek zemendiaren 24an joko dabe zuzenean, Bilborock aretoan antolatuko dan finalean. Itziarren Semeak be izango da kontzertu horretan.
Irabazleak datorren urtean diskoa argitaratu ahal izango dau, baliabide profesionalakaz eta Baga Bigaren eskutik. Ganera, 2018ko musika jaialdi handi bitan joteko eskubidea izango dau, Bilbao BBK Live-n eta Bartzelonako EH Sona-n hain zuzen.
Mintegia urrian
Banden Lehiaren bederatzigarren edizinoaren eta Zazkelen disko barriaren aurkezpena aprobetxauta, Azkue Fundazinoak ekimen barri bat antolatuko dauela iragarri dau: Musikari eta sortzaileentzako mintegia izango da, egile eskubideen ingurukoa. Bilbon, Euskerearen Etxean egingo da, urriaren 19an. EKKI, Euskal Kulturgileen Kidegoagaz antolatutako jardunaldia izango da.
Jaubetza intelektuala, batez be, musikearen mundukoa, jorratuko dabe mintegian, sortzaileek euren eskubideak ezagutu deiezan. EKKIko Jokin Erkorekak emongo ditu azalpen orokorrak eta, ondoren, Mikel Inunziaga eta Ane San Miguel musikariek euren esperientziaren barri emongo dabe. Azkue Fundazinoko zuzendari Iurdana Acasusoren ustez, musikarientzako gai garrantzitsua aztertuko dabe, euren jardun profesionalean lagunduko deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!