Euskerearen erabilerearen ganeko ikerketea Bilboko gazteen artean

Bizkaie! 2017-09-26 08:33   Euskerea berbagai

Eusko Ikaskuntzak eta Udalak 15 eta 22 urte bitartekoen ikuspuntua ezagutu nahi dabe.

Gazte bilbotar batzuk Juan Mari Aburto alkateagaz, Berbagunean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko gazteek parte hartzea ezinbestekoa izango da proiektu honetan, izan be, ikerketea egiteko topaketak antolatuko ditue gazteentzat eta euren eretxietan oinarrituta aterako ditue ondorioak. Eta gazteak Bilbon euskeraz, zergaitik ez? Gazteen euskerearen erabilerearen azterketea Bilbon da azterlanaren izenburua eta helburuak, honeek: Batetik, uriko gazteek euskereagaz dituen esperientziak ezagutzea eta erabilerea sustatzeko gakoak identifiketea; eta bestetik, gazteon artean euskerearen erabilerea indartzea eta eurei berbea emotea.

Izakera kualitatiboa dauen ikerketa honek fase bi izango ditu: Lehenengo, gazteentzako foro parte-hartzailea egingo dabe, jarduera ludikoen bidez; ondoren, uriko eragileakaz kontrastau egingo ditue datuak, holan, gazteen bizipen, esperientzia eta nahiak ezagutu eta aurrera begirako estrategiak garatzeko.

Foro parte-hartzailean saio bi antolatuko ditue, urriaren 7an eta 21ean, San Inazioko Euskerearen Etxean. Bertan, perfil ugaritako gazteak behar ditue: Euskeraz etxean zein eskolan ikasi dabenak, egunero erabilten dabenak eta erabilten ez dabenak, jarrera aktiboa zein pasiboa dabenak eta abar. Dei egin deutsie gazteei parte hartzeko eta interesa daukienek Eusko Ikaskuntzara jo leikie.

Gazteakaz kontaktuan dabizan taldeak eta euskalgintzako eragileak batzartuko dira, ondoren, kontrasterako mintegian. Euskerea erabilteko eremu barriak behar dira, afektibidadeagaz eta gizarteko hartu-emonakaz lotuak eta, horregaitik, gazteentzako jarduerak antolatzen dituenen inplikazinoa ezinbestekoa da.

Ikerketa hau Eusko Ikaskuntzak gidatzen dau, Bilboko Udalak eskatuta. Zuzendarien artean dagoz Deustuko Unibersidadeko aditu bi, Jone Goriogolzarri eta Idoia Carramiñana; baita Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibersidade Eskolako Ane Ortega-Etcheverry be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu