Iñaki Beristain frantziskotar euskaltzalea hil da

Bizkaie! 2017-09-25 09:37   Euskerea berbagai

Arantzazun bizi zan 1967tik eta euskeraz sarri idatzi eban.

Iñaki Beristain (argazkia: EITB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arantzazuko fraileen ordezkari ezagunenetako bat zan Iñaki Beristain, izan be, santutegiko kontuen inguruko bozeroaileeetako bat zan eta, ganera, Arantzazuko aldizkariko zuzendaria. 1947an jaio zan Errezilen (Gipuzkoa) eta gaztetatik izan zan euskaltzale. Zarautzen, Foruan eta Erriberrin ikasi eta, azken herri horretan, Gure izarra aldizkariko zuzendaria izan zan, 1967an, Arantzazura joan zan arte, bertako frantziskotarren komunidadera. Han bizi izan da, mende erdiz, hil arte. Euskera batua sortzeko batzarretan egon zan, 1968an, Arantzazun bertan egin ziran eta.

Jakin eta Arantzazu aldizkarian idatzi eban Beristainek sarritan eta, horrezaz gan, liburuak be plazaratu zituan, azkena, igaz, Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolari, Xabier Euzkitzegaz eta Eduardo Urartegaz batera. Telebistan, ETBko Egi bidean saioko gidaria izan zan 1988tik. Euskadi Irratian mezea emoteaz be arduratu zan, 1980ko hamarkadan.

20 urte eukazala abadetu zan Beristain eta, harrezkero, Arantzazun ibili da lanean, besteak beste, santutegiko koruko zuzendaria izan zan. Ganera, Arantzazuko probintzia frantziskotarreko arduraduna eta Espainiako Santutegien Batzordeko kidea izan zan, besteak beste. Pakearen aldeko Arantzazuko Martxearen bultzatzailea be izan zan.

Eleizako iturrien arabera, minbiziak jota hil da Iñaki Beristain, 70 urtegaz. Bihar arratsaldeko 17:00etan egingo dabe haren aldeko hiletea, Arantzazuko santutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu