HABEk eta Lanbidek hitzarmena sinatu dabe, lanbakoek euskerea ikasi daien
2017-09-22 13:45 Euskerea berbagaiEnplegua topetako aukerak handitzen laguntzeko asmoz jarriko dabe martxan programa pilotua.
Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu dabe Lanbideren eta HABEren arteko hitzarmena, langabezian dagozanek euskeraz ikasi daien errazteko. Proiektu pilotu hau Lanbideren bitartez ikastaroak egiten dabizanei zuzenduta dago. Lanbakoen enplegagarritasuna hobetzea eta euskeraz ikasteko erraztasunak emotea dira helburu nagusiak. Hitzarmenean 200.000 euroko inbersinoa adostu dabe 2017-2018 ikasturterako.
Aurkezpenean, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta HABEko zuzendari Jokin Azkue egon dira Artolazabal eta Zupiria sailburuakaz batera. Enplegu sailburuak nabarmendu dau zeinen garrantzitsua dan apustu hau enplegagarritasuna hobetzeko: Zerbitzu elebidunen eskariak gora egin dau Lanbiden jenteari arretea emoteagaz lotutako arloetan, batez be gure lurraldeko eremu euskaldunduenetan. Ikuspegi profesional batetik euskeraz jakitea komenidu jaken beharginentzako laguntzino handia izango dala uste dau Artolazabalek.
Bingen Zupiriak adierazo dauenez, joan dan astean euskaltegietako matrikulazino-kanpainea aurkeztu genduan, eta euskerea ikasteko erraztasunak eskaintzen jarraitzeko dogun asmoa azpimarratu. Hitzarmenaren helburua da beste alor batzuetan prestakuntzea jasoten dabizan personak euskerara hurreratzea. Euskerearen mundurako ateak zabaldu ez eze, lan aukerak handitzen ditu programa honek, Zupiriaren ustez.
Lanbiden izena emondakoek parte hartu ahal izango dabe egitasmoan, diruz lagundutako profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko ekintza kualifikatzaileak ikasten dabizanek hain zuzen. Ganera, 2014an, 2015ean edo 2016an Lanbidek onartutako diru-laguntzinoen deialdien esparruan egindako ekintzetan jagokon profesionaltasun-ziurtagiria lortu dabenak be onartuko ditue.
Lanbideren ikastaroren bat egiten dabizanen kasuan, euskerazko prestakuntzea aldi berean egingo da, baina ikastorduetatik kanpo. Horreek aukerea izango dabe HABEgaz hitzarmena daben Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegi publiko zein pribaduetako edozeinetan izena emoteko, edozein mailatan.
Laguntzino horreek eskuratzeko interesa dabenek Lanbidera jo beharko dabe. Bertako bulegoetan, ganera, informazinoa zabalduko dabe, interesa daukienek programa pilotuaren nondik norakoak ezagutu daiezen. HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmen hau 2018ko bagilera artekoa da eta gehienez lau urtez luzatu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!