Gazteentzako Harrapazank programea, udagoienerako prest

Bizkaie! 2017-09-22 12:39   Euskerea berbagai

Talentu eskolea eta internet bidezko ginkanea izango dira hurrengo asteetako jarduera nagusiak.

Koldo Narbaiza zinegotzia eta Itxaso Paia Harrapazankeko arduraduna (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta Topaguneak antolatzen daben Harrapazank programea indarbarrituta bueltauko da udearen ostean, uriko gazteei euskerazko astialdirako alternatibak eskaintzeko asmoz, eta bide batez sormena eta kulturea bultzatzeko. Urrian eta zemendian izango dira jarduerak.

Alde batetik, Izarren Hautsa talentu eskolea eratu dabe. Bertan, 9 eta 18 urte bitarteko 60 gazte bilbotar euren trebetasunak hobetzen ibiliko dira, adituen laguntzinoagaz. Musikea, jantzea, antzerkia eta abar landuko ditue. Garazi Egiguren, Maria Rivero eta Itziar Ituño artista eta irakasleek gidatutako saioak uriko auzo-etxeetan egingo ditue, urriko eta zemendiko zapatu goizetan.

Izarren Hautsan ikasi eta hobetutakoa erakutsi ahal izango dabe gazteek, abenduaren 2an Bilborocken egingo dan Txalofest jaian eta, ganera, bideoklipa grabauko dabe. Tailerretan izena emoteko epea zabalik dago, iraila amaitu arte.

Beste alde batetik, Klikazank eratu dabe Udalak eta Topaguneak Harrapazanken barruan. Internet bidezko lehiaketa edo ginkanea da Klikazank, 12 eta 18 urte bitarteko bilbotarrei zuzendua. Modu horretara, antolatzaileek lortu nahi dabe gazteek sare sozialetan eta interneten euskera gehiago erabiltea. Parte-hartzaileek lau proba gainditu beharko ditue eta puntuazinorik altuena daukienei teknologia barriakaz lotutako sariak emongo deutsiez. Abenduko Txalofest jaian izango da sari-banaketea.

Horrezaz gan, selfie lehiaketea ez dala amaitu gogoratu eragin dabe antolatzaileek. Harrapazanken uda aurreko egitarauan aurkeztu eben lehiaketa hori eta parte hartzeko epea abenduaren 31n amaituko da. Sari nagusia ez eze, hileroko sariak emoten ditue. Ganera, argazki onenak 2018ko Harrapazanken egutegian agertuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu