‘Lekaixoka’ dator aurten Kilometroak Oñatira
2017-09-22 12:28 Euskerea berbagaiDomekan ospatuko dabe Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaialdia eta auzolana hartu dabe oinarritzat.
Orain dala mende erdi edegi zituan ateak Oñatiko Txantxiku ikastoleak eta gogotsu hartu dabe aurten Kilometroak atontzeko erronkea. Ez da lehenengo aldia ganera, 1989. urtean be Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia be eurek antolatu eben.
41. edizinoa aldaketa bategaz dator, izan be, ohi legez, urriko lehen domekan izan beharrean, domeka honetan ospatuko da, herriko San Migel jaiakaz bat ez egiteko.
Lekaixoka lemapean egingo da Kilometroak, berba horren oinarrian auzolanaren idea dagoalako eta auzolana Kilometroak jaiaren oinarria dalako aukeratu dabe. Lekaixo berbeak berez, aspaldiko euskaldunek erabilten eben oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan nahi dau.
Kilometroak jaiaren ibilbideak bost kilometro inguru izango ditu lau gune nagusitan banatuta: Ikastolea, San Martin, Asentzio eta Berezao. Egitaraua be oparoa iragarri dabe antolatzaileek:
Lehenengo gunean, Ikastolan, hasiera ekitaldia egingo dabe, goizeko 9:30ean. Bertan Tio Teronen Semeak, Oxabi, Liher taldeak eta Anje Duhalde, besteak beste, egongo dira giroa alaituz. San Martin gunea, barriz, Umeen txokoa izango da. Asentzion, hirugarren gunean, Egurra ta Kitto!, Perlak eta Oihan Vega igongo dira oholtzara, besteak beste. Berezaon, Herri Kirolak eta Joseba Irazoki eta Lagunak, Sharon Stoner, Arkada Social, Willis Drummond eta Huntzaren kontzertuak izango dira.
Guzti horrezaz gan, Nazinoarteko Artzain Txakur Txapelketea sartu dabe aurten egitarauan, izan be, urtero egiten dabe ekimena herrian; zirkuituaren bigarren gunean bertan egingo da, San Martinen. Honegaz batera, Olaiturri kultur alkartearen eskutik Oñatiko historia hurretik ezagutzeko, antzerki emonaldiak eta Erronkea be nabarmedu nahi izan ditue.
Antolatzaileek kontuan hartzeko hainbat gomendio emon ditue, esaterako, autoz joan nahi dabenak Bergarako Elorregi auzotik heldu beharko dira Oñatira eta ahal dala, hur bizi diranei behintzat, bizikletaz joateko deia egin deutsie. Autobusak lehenesteko deia egin dabe, era berean, baina aparkalekuak prest egongo dira autoz doazenentzat be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!