Bertsolari guztiak prest Txapelketa Nagusirako

Bizkaie! 2017-09-21 10:59   Bertsolaritzea

Zapatuan hasiko dan lehiako parte-hartzaileek eta antolatzaileek agerraldia egin dabe Villabonan.

Parte-hartzaileen argazkia (Alberto Elosegi/XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan dagoala esan leiteke. Lehenengo saioa zapatuan izango da, Baigorrin, baina motorrak berotzen hasteko agerraldi jentetsua antolatu eban atzo Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak, Villabonan daukan egoitzearen aurreko plazan. Aurten lehiatuko diran 43 bertsolariak aurkeztu zituen. Erakundeetako ordezkariak, antolatzaileak eta kulturearen alorreko jentea be egon ziran.

Oinkari jantza taldeak ikuskizun berezia eskaini eutsen bertara joandako guztiei. Paxkal Irigoienek txapelketarako sortutako sintoniaren erritmoan jantzan egin eben. Aritz Zerain txapelketako koordinatzaileak ondoren adierazo eban Villabonako herriagaz lotura estua daukiela; 2013ko txapelketako lehenengo saioa bertan jokatu zan eta, aurten, saiorik ezean, aurkezpena bertan egitea erabagi dabela azaldu eban.

Bazkideak be gogoan izan zituan Zerainek. 2.400 dira guztira eta kopuru hori gorutz doala nabarmendu eban. Hain zuzen be, abantaila ugari emon deutsiez bazkideei txapelketan: Saio guztietarako bonoa erosteko aukerea eurek bakarrik euki dabe (agortu egin dira salgai ipinitako guztiak), prezio merkeagoak ditue eta finalaurreko eta finalerako sarrerak erosi leikiez dagoeneko, ganerako zaleek urrira arte itxaron behar izango daben bitartean.

Sabino San Sebastian eta Beñat Vidal talde antolatzaileko kideek adierazo eben ilusinoz ganezka ekin deutsiela erronkeari. Borondatezko, soldatapeko eta sortzaileok osotuten dogu taldea, horixe biek egindako zehaztapena. Herrialderik herrialdeko txapelketak jokatuta, Nagusiagaz zikloa zarratzen dabela azpimarratu eben. Nerea Bruño eta Iker Iriarte epaile eta gai-jartzaileen ordezkari izan ziran Villabonako ekitaldian. 18 gai-jartzaile eta 20 epaile arduratuko dira bertsolarien lana gidatu eta epaitzeaz eta zeregin horri jagokon lanari ekin deutsiela esan eben.

Parte hartuko daben 43 bertsolariak, abendura arteko protagonista nagusiak, banan-banan aurkeztu zituen Villabonako agertokian. Iñaki Murua Bertsozale Alkarteko lehendakariak, subertea opatzeaz ganera, bertsolariek osotuten daben sareari eusteko eskatu eutsen: Egin eizuez ahalik eta ekarpen interesgarrienak, baina batez be disfrutau, holan disfrutauko dogulako besteok be. Talde argazkia atera eben gero, txapelketearen irudia atzean eukela.

Amets Arzallus txapelduna eta 2013ko beste sei bertsolari lehian izango dira, Unai Iturriagak, ostera, uko egin deutso parte hartzeari. Badagoz, dana dala, durangarraren lekua hartzeko makina bat hautagai, gazteak indartsu datoz eta. Bertsolarien bataz besteko edadea 34 urte da eta gazteenak, Nerea Ibarzabal markinarrak, 23 daukaz. Herrialdeetako azken txapeldun guztiak sartuko dira lehian: Arabakoa (Oihane Perea), Bizkaikoa (Etxahun Lekue), Gipuzkoakoa (Beñat Gaztelumendi), Ipar Euskal Herrikoa (Sustrai Colina) eta Nafarroakoa (Julio Soto).

Lehenengo saioa Baigorriko Ezker Paretean jokatuko da zapatuan, hilaren 23an, arratsaldeko 17:00etan. Final laurenetako sei saioetatik aurrenekoa izango da. Ondoren, finalaurrekoak (itzuli bitan) eta abenduaren 17ko finala etorriko dira. BECeko azken egun horretan jakingo da Amets Arzallusen lekukoa nork hartzen dauen, ala hendaiarrak txapelari eutsiko deutsan. Atzoko Villabonako ekitaldian, esaldi bakarrean laburtu eben txapelketearen helburua, Hodei Barrosok 2013an botatako bertsotik hartua: Egin daigun gurea, baina izan dadila danona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu