Osakidetzaren euskera plana ez dala behar dan moduan bete dino Kontseiluak

Bizkaie! 2017-09-20 13:34   Euskerea berbagai

Osasun arloko hizkuntza politika eraginkorragoa eskatu dau.

Ibarguren, Petriati, Bilbao eta Labaka, Donostian (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osakidetzan euskerearen normalizazinoa bultzatzeko planak bide erdia egin dau, 2013tik 2019ra artekoa da eta. Horregaitik, Kontseiluak agerraldia egin dau Donostian, orain arte lortu dana eta topau dituen ahulguneak aztertzeko. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu dauenez, plana beteteko asko falta da eta, beraz, neurriak bizkorrago hartzeko eskatu deutso Osakidetzako zuzendaritzeari. Herririk euskaldunenetan be, oraindino euskal hiztunen eskubideak ez dirala guztiz errespetetan salatu dau.

Balorazino hori egiteko, Bilbaogaz batera, UEMAko lehendakari Josu Labaka, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati eta OEEko lehendakari Karlos Ibarguren agertu dira, Kontseiluaren barruko osasungintzearen alorreko kideak diralako horreek erakundeok. Txostena atondu dabe normalizazino planaren nondik norako guztiak jorratzeko. Ondorio nagusia da, plan horren betete-mailea txikia dala, dagoeneko epearen erdira heldu dan arren.

Eremu bakotxeko balorazinoek erakusten dabe neurriak ez dirala behar dan moduan beteten, komunikazinoan, kanpo zein barruko hartu-emonetan, hizkuntza-kudeaketan, eskakizunetan, kontratazinoetan... esan dau Bilbaok. Horrek agirian ixten dau erritmoa bizkortu behar dala eta neurri traktoreak hartu behar dirala.

Bigarren plan hau indarrean sartu aurretik, Kontseiluak Osakidetzari proposamena bialdu eutsan, ordura arteko lanean topautako hutsuneetan oinarritutako eskakizunakaz. Uste dogu bertan egindako proposamenari arreta handiagoa jarri behar litxakiola, dino Bilbaok. Gaur egungo politikak ez dirala eraginkorrak ganeratu dau: Hamarkada bat baino gehiago pasau da Osakidetza euskara planak egiten hasi zala, denpora askotxu da, emoitzak zeintzuk diran ikusita.

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu dau, urteotan kexa ugari jaso dituela, erabiltzaile batzuek ezin izan dabelako euskerazko arretea jaso osasun zerbitzu publikoetan. Dagoeneko 160.000 herritarrek beren-beregi adierazo dabe arretea euskeraz jaso nahi dabela, Petriatik emondako datuaren arabera, eta horri erantzun aproposa emon behar jakolakoan dago.

OEEko ordezkari Karlos Ibargurenek, ostera, beharginen euskalduntzeari begiratu deutso. Euskeraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu dau baina, era berean, euskeraz egin leitekezan jarduera asko euskeraz egiteko erabagi sendoa hartzeko beharra azpimarratu dau.

Normalizazino planak dakarrenez, gunerik euskaldunenetan arreta berezia jarriko da helburuak beteteko eta euskeraz jarduteko. UEMAko Josu Labakak, udalerri euskaldunenen ordezkari dan neurrian, horren balorazinoa egin dau. Oraindino arretea euskeraz jasoteko arazoak egoten dirala dino eta, batez be, uda sasoian igarten dala, oporretan doazan ohiko beharginen ordezkoak bialtzen dituenean. Herritarren eskubidea da zerbitzu hori nahi daben hizkuntzan jasotea, eta, bestetik, gure udalerrietako bizilagunak euskeraz bizi dira, eta komuniketako modurik errazena eta erosoena euskerea da eurentzat, azaldu dau Labakak.

Agerraldian hainbat hutsune salatu arren, aurrera begira egoerea zuzentzeko itxaropena agertu dau Paul Bilbaok: Neurri zuzentzaile egokiak hartu ezkero, bigarren plana amaitzerako pausu eragingarriak egin leitekezalakoan gagoz. Bide horretan, ziurtatu dauenez, Osakidetzak bidaide izango dau Kontseilua.

Ebaluazinoko txostena, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu