Patxi Beula patinatzaileak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan
2017-09-20 12:24 Euskaldunak munduanEusko Jaurlaritzako ordezkariakaz batera, agerraldia egin dau Gasteizen, bere lorpenen barri emoteko.
Txinako Nanjing urian jokatu da irristaketa arloko Munduko Txapelketea eta Patxi Beula arabarra izan da izarretako bat. Hiru domina irabazi ditu guztira, tartean urrezko bat. Hartara, Eusko Jaurlaritzeak Beularen lorpenak gizarteratzeko agerraldia antolatu dau Gasteizen. Patinatzaile arabarra eta Jon Redondo Jaurlaritzako Kirol zuzendaria egon dira ekitaldian. BAT-Basque Team egitasmoko kidea da Beula.
Kontuak kontu, 10.000 metroko puntu-kanporaketako proban etorri zan 29 urteko patinatzailearen lehenengo dominea Nanjingen. Berez, bigarren amaitu eban, baina lehenengo lekuan geratu zan patinatzailea deskalifikau egin eben epaileek. Hartara, urrezko dominea emon eutsien Beulari.
Ondoren, 10.000 metroko zirkuituko proban, zidarrezko dominea irabazi eban Patxi Beulak. Felix Rijhnen alemaniarrak baino ez eban arabarrak baino lan hobea egin. Amaitzeko, brontzea irabazi eban maratoian.
Arrakastaz betetako denporaldia izan da aurtengo hau Patxi Beularentzat. Nanjingeko Munduko Txapelketearen aurretik be, garaipen bikainak lortu ditu. Esate baterako, garagarrilean, Portugalgo Lagos urian jokatutako Europako Txapelketan hiru brontzezko domina eta zidarrezko beste bat jantzi zituan. Poloniako World Games diralakoetan be, beste brontzezko domina bi irabazi zituan.
Entrenamendu asko, bidaia asko izan dira, ordu asko patinak jantzita, azaldu dau Beulak, ez da erraza izan, baina holako une bat heltzen danean merezidu dau. Egindako ahaleginagaitik pozik dagoala dino: Bizitzan esfortzu handiena eskatzen daben gauzek emoten dabe poztasunik handiena, baliotsuenak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!