Bertsolaritzea interes kulturaleko ondare izentauko dau Nafarroako Gobernuak

Bizkaie! 2017-09-20 08:14   Bertsolaritzea

Ondare inmaterial legez jaso leikean babesik handiena izango dau.

2017ko Nafarroako Txapelketako finalean, Julio Soto kantuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Bertsozale Alkarteak urte hasieran egindako eskariari kasu egin eta tramiteei ekingo deutse Nafarroako Gobernuak, bertsolaritzea interes kulturaleko ondare izentau ahal izateko. Prozesua amaitu eta izendapena onartzen danean, Nafarroako administrazinoak legez babestuko dau bertsolaritzea, fosilizazinoari, autonomia galereari eta txapelketen gehiegizko nagusitasunari aurre egiteko, Foru Gobernuak berak azaldu dauenez.

Bertsozale Alkarteak gobernuari aurkeztutako eskabidean, informazino zehatza emon eban bertsolaritzeak Nafarroan izan dauen eta oraindino dauen presentziaren inguruan. Alderdi historiko eta etnografikoak, bilakaerea eta transmisinoa azpimarratu zituan. Nafarroako Kultura Ondare Inmaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa eta etnolinguistea dan Alfredo Asiain Ansorenaren txostena be aurkeztu eben.

Gobernuak adierazo dauenez, herrialdean ondoen gorde dan eta adierazgarriena dan errepentismoa da bertsolaritzea. Hortaz, udagoien honetan bertan interes kulturaleko ondare izentauko dabe, behin tramite guztiak beteta. Adierazpide inmaterialen atalean sartuko dabe, Lantzeko inauteriakaz, Ituren eta Zubietako inauteriakaz, Hiru Behien Zergeagaz, Luzaideko Bolantakaz eta Cortesko makil jantzeagaz batera.

 

Bizkaian diru-laguntzinoak

 Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri dau 80.000 euroko diru-laguntzinoa emongo deutsala Euskal Herriko Bertsozale Alkarteari, euskerea eta euskal kulturea bultzatzeko egiten dauen lana babesteko; 2017an alkarteak martxan ipini dituan hiru proiekturi laguntzeko izango da: Txapelketa Nagusia, Bertsoa.eus webgune barritua eta bertso udalekuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu