Picassoren 'Jezarritako emakumea' Arte Eder Museoan dago ikusgai
2017-09-19 12:28 KultureaObra Gonbidatua programearen barruan ekarri dabe Bilbora, zezeilaren 27ra arte.
Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendariaren esanetan, Euskal Herriko bilduma publikoek hutsune handi bat daukie, Pablo Picassoren artelanik ia ez daukielako. Guernica asko aitatzen dogu, baina Picasso gitxi, dino Zugazak. Museoak Malagako artistearen obra bakarra dauka bilduma iraunkorrean. Alicia Koplowitzen bildumearen inguruko erakusketan, Picassoren beste lau koadro dagoz, baina laster amaituko da erakusketa hori.
Neurri baten, beraz, hutsunea betetera dator Obra Gonbidatua egitasmoaren hurrengo hileetarako proposamena: 1938an Malagako artisteak egindako Jezarritako emakumea, jatorriz Femme assise dans un fauteuil (Dora) izenburua daukana. Sasoi haretan Picassoren museoan izan zan Dora Maar argazkilariaren erretratu kubistea da. Guernica marrazteko prozesuaren argazki-erreportajea Maarrek berak egin eban eta, urtebete geroago, Bilbora heldu barri dan koadrorako modelo bihurtu zan.
Dora Maarren figurea forma geometrikoetan deskonposatuta agiri da, azaldu dau Miguel Zugazak. Picassoren kubismo ezaguna argi ikusten da koadroan eta orduko beste abangoardia batzuen eragina be badauka. Gris eta okre koloreak dira oinarria eta, horrezaz gan, nabarmentzekoa da espazialtasunagaz jokatzeko Picassok eukan gaitasuna. Ezaugarri horreek eta intensidade dramatikoak Guernica ekarten dabe gogora, urtebete lehenago egindakoa. Maisu-lana da Jezarritako emakumea, Zugazaren ustez.
Kontestu historikoari jagokonez be, azpimarratzeko moduko obrea da Jezarritako emakumea. Alde batetik, Guernica-ren kasuan legez, Espainiako Gerra Zibil bete-betean margoztu eban artelan hau Picassok. 1938ko maiatzaren 31n amaitu eban lana. Egun horretan bertan, ehundazak lagun hil ziran Granollerseko bonbardaketan eta Alemaniako Gobernuak abangoardietako obra guztiak bahitzeko legea plazaratu eban, jaubeei kalteordainik pagau barik. Gorabehera handiko unea zan Europan eta Picassok hurretik segidu eban hori guztia.
Izatez, Suitzako Beyeler Fundazinoarena da koadroa eta aldi baterako laga deutsie Bilboko Arte Eder Museoari. Sam Keller fundazinoko zuzendariaren esanetan, euren bildumako harribitxietako bat da. Beyeler senar-emazte bildumagileek 1957an ezagutu eben Picasso eta harrezkero hartu-emon estuak euki zituen. Haren obra ugari erosi eta Malagakoari eskainitako hamaika erakusketa antolatu zituen. 1982an fundazinoa sortu eben eta 1997tik publikoari zabalik dagoan museoa da bildumearen erakusgarri nagusia. Picasso ez eze, arte garaikideko beste autore ospetsu asko dagoz Beyeler museoan.
Jezarritako emakumea obrearen inguruan gehiago jakiteko, irailaren 25ean berbaldia eskainiko dau Eugenio Carmona Malagako unibersidadeko katedradunak. Auditorioan izango da, 19:00etan, eta dobako gonbidapenak museoko txarteldegian edo on-line eskuratu leitekez. Koadroa bera, 2018ko zezeilaren 27ra arte egongo da ikusgai, 32. aretoan. Obra Gonbidatua programearen babeslea Santander Fundazinoa da.
Alicia Koplowitz - Grupo Omega Capital Bildumea
Petronorrek babestuta, gaur, irailak 19, Alicia Koplowitz - Grupo Omega Capital Bilduma erakusketa modu ezohikoan eta doban bisitau ahal izango da 10.00etatik 20.00etara (museoko gainerako aretoak zarratuta egongo dira).
Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketeak, 90 artelanez osotutako erakusketeak garai guztietako artisten lanak batzen ditu. Bertan, eskola espainiarra –Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán, Arellano, Paret edo Goya–, vedutismo italiarra –Guardi, Canaletto–, postinpresionismo frantziarra –Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrec– eta arte garaikidea –Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares, Tàpies eta Barceló, espainiar arteari jagokonez, eta Mondrian, Modigliani, Van Dongen, Schiele, De Kooning, Fontana, Rothko, Bacon, Freud, Warhol, Twombly edota Kiefer nazinoarteko testuinguruari jagokonez– nabarmentzen dira. Atal garaikidea osotzeko, Gargallo, Julio González, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Louise Bourgeois, Donald Judd edota Ai Weiweiren eskulturak egongo dira ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!