Bizkaiko 78 udalerritara helduko dira Europako Ondarearen Jardunaldiak

Bizkaie! 2017-09-18 10:31   Kulturea

Paisaia bizia lelopean, 276 jarduera antolatu ditue, urrian.

Bilbon egindako aurkezpena (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan agerraldi jentetsua egin dabe erakundeetako eta azpiegitura kulturaletako hainbat ordezkarik, Europako Ondarearen Jardunaldiek Bizkaira ekarriko dabena aurkezteko. Danen buru, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Unesco Etxeko zuzendari Begoña Apraiz eta jardunaldiotako komisario Amaia Apraiz eta Ainara Martinez. Gero eta erakunde gehiagok egiten dabe bat Ondarearen Jardunaldiakaz eta, horri esker, 17. edizino honetan 78 udalerritara helduko dira ekintzak, igaz baino hamar gehiagotara.

Lurraldearen ikuspegitik aztertuko da paisajea Ondarearen Jardunaldien 17. aldian. Lurraldea edo paisajea da prozesu natural, kultural, ekonomiko eta sozialak hartzen dituan eremu fisikoa eta, hortaz, gizakiaren jardunak baldintzatu egiten dau. Paisaje bizia leloa be gogoeta horregaz bat dator, era askotako paisajeak jorratuko dirala aurreratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak: Nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, kostakoak, ibaietakoak, urietakoak eta industria girokoak.

Egitarauko 276 jarduerak antolatzeko, danak dobakoak izanda ganera, ezinbestekoa da eragileen arteko alkarlana. Foru Aldundia koordinatzaile dala, udalek ez eze, herrietako alkarte kulturalek bat egin dabe eta bakotxak bere ikuspegitik aztertu, interpretau eta azalduko dau paisajeagaz dituan hartu-emonak. Bisita gidatuak, berbaldiak, mahai-inguruak, erakusketak, antzezpenak, dastaketak, tailerrak eta kontzertuak atondu ditue. Aurten, argazki lehiaketak indartu dituela azpimarratu dau Foru Aldundiak. Ohiko moduan, urrian izango dira jarduera guztiak.

Egitarauko ekitaldi guztiak ikusi hemen.

Uste dogu Ondarearen Europako Jardunaldiek Bizkaian daben arrakastearen oinarria batasun tematiko hori eta kanpainetan era guztietako eragile sozial eta kulturalak erakusten daben konpromisoa eta ahalegina dirala, adierazo dau Lorea Bilbaok. Lankidetza horri esker, lurraldean ondo finkatutako hitzordu bihurtu dira jardunaldiok. Aurreko urteetako jokerea ikusita, aurten 15.000 lagun inguruk parte hartuko dabela aurrikusi dabe antolatzaileek.

Ondarearen Europako Jardunaldiak 1991tik antolatzen ditu Europako Kontseiluak, herritarrek euren inguruko ondare material eta inmateriala ezagutu daien. Kontinenteko 50 herrialde edo lurraldek bat egin dabe dagoeneko, esaterako Bizkaiak 2000tik parte hartzen dau. Datorren urtea, 2018a, Kultura Ondarearen Europako Urte izentau dau Europako Parlamentuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu