Martxan da Mobikortasunaren Aste Europarra
2017-09-18 08:28 KultureaBilbon, Partekatzeak urrunago eroaten zaitu leloa aukeratu dabe aurtengo ekitaldietarako.
Hilaren 22ra bitartean, hau da, barikura arte, mobikortasun jasangarriaren aldeko ekitaldi ugari antolatu ditu Bilboko Udalak, urteroko Mobikortasunaren Astearen barruan. Egitarauaren momentu gorena Bilbon nire kotxe barik! ekimena izango da, azken egunean.
Europa guztiko hainbat lekutan parte hartzen dabe Mobikortasunaren Astean eta 2000. urtetik Bilbok ez dau hutsik egin. Hasikeran kotxerik ez hartzeko eguna zana, egitarau zabal eta askotarikoa bihurtu da urteotan. Aurtengo edizinoan, mobikortasun partekatua dalakoa landuko da batez be. Bilboko Udalak azaldu dauenez, lankidetza ekonomiagaz lotutako kontzeptua da: Garrantzi handiagoa dauka baliabideen erabilereak, horreen jaubetzeak baino. Filosofia horregaz lotutako zerbitzuak badagoz Bilbon, esaterako bizikleten mailegurako sare publikoa eta Eskola Bideak.
Gaur bertan, astelehena, Santutxu auzoko Eskola Bideen aurkezpena egingo dabe Basarrateko landan. Hurrengo egunetan be jolasak eta jarduerak egongo dira umeentzat Basarraten. Neska-mutilek ikastetxerako bidea oinez egin daien sortutako ekimena da Eskola Bideena eta, Bilbon ez eze, Euskal Herriko beste leku askotan arrakasta handiz ipini dabe martxan. Beste alde batetik, Deustuan be ekitaldiak egongo dira, Mobikortasun Asteagaz lotuta.
Bilbon nire kotxe barik! ekitaldia dala eta, zapatuan Indautxu auzoko Rodriguez Arias kalea zarratuta egongo da, Iparragirre eta Garcia Rivero kaleen arteko zatian. Normalean autoek hartzen daben lekua oinezkoentzat izango da egun batez. Eguerdiko 12:00etan Mobikortasun Astearen agiria edo manifestua irakurriko dabe. Arratsaldean umeentzako antzezlana egongo da, Eskola Bideen ingurukoa. Ganera, egun guztian bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko postua ipiniko dabe Rodriguez Ariasen bertan, baita umeentzako puzgarriak eta Bilbobusen autobus didaktikoa be.
Mobikortasun Astea biribiltzeko, aurtengo Ibiltaria Saria nori emongo deutsien iragarriko dau Bilboko Udalak. Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen daben personen eta taldeen zeregina autortzea dau helburu sariak. Horrezaz gan, paseoan ibilteko ohitura osasungarriari balioa emoten deutso, osasuna sustatu eta uria hobeto ezagutzen laguntzen dauelako. Aurtengo edizinorako hiru hautagai dagoz: Greenpeace, Jon Aldeiturriaga Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko zuzendari-gerentea eta emakume bilbotarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!