Euskaltegien matrikulazino kanpaina barria aurkeztu dabe Bilbon
2017-09-14 12:53 Euskerea berbagaiEuskerea ikasiz, mundu bat irabazi goiburupean, EAEko 109 euskaltegietan izena emoteko konbita egin dau Eusko Jaurlaritzeak.
Irailaren 29ra arte luzatuko da aurtengo euskaltegien matrikulazino kanpainearen mezua. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak kanpaina barri honen eta hasteko dagoan ikasturtearen nondik norakoak aurkeztu ditu gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Adierazo dauenez, euskerea ikasteko pausua emoten dauenari parez pare zabaltzen jakoz mundu barri baten ateak. 35.000 ikaslek ikasiko dabe aurten Euskal Autonomi Erkidegoko euskaltegi publiko eta pribaduetan, eta Eusko Jaurlaritzeak 1.250.000 euro bideratuko ditu euskerea ikasten dabenen ahalegina errazteko, diru-laguntzinoen bidez.
Sailburuagaz batera, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko (Helduen Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundea) zuzendari Jokin Azkue eta Gabriel Aresti euskaltegiko koordinatzaile Isabel Isazelai izan dira. Beste ordezkari batzuk be tartean izan dira: aldundietakoak, udaletakoak. EUDEL eta UEMAkoak eta baita euskaltegien sareko kideak be. Danek egin dabe bat aurtengo mezu horregaz, bai eta euskerea ikasteak dakarzan mueta desbardinetako onurak nabarmentzean be.
Aisialdirako aukera barriak, komuniketako aukera barriak, gauzak ikusteko modu desbardin bat, musika gehiago, literatura gehiago, poesia, lagun barriak… Bertatik bertara dagoan mundu oso bat zabaltzen da euskerea ikasiz. Oso hur dagoan mundu bat deskubriduten da, adierazo dau Zupiria sailburuak.
Aurtengo kanpaineari begira, Eusko Jaurlaritzeak ahalegin berezia egin nahi izan dau inoiz euskerea ikasteko erronkeari heldu eta bide erdian geratu ziranak barriro be erakarteko. Horretarako, mezu bana bialdu deutse, ohiko postaz edo e-mailez, barriro be erakarteko (danetara, 35.000 komunikazino bialdu dira). Esan deutsagu beren ahalegina eta esfortzua kontuan hartzen dogula, eta asko eskertzen dogula. Horrezaz gan, azaldu deutsegu inoiz baino erraztasun gehiago izango dituela euskerea ikasteko, aitatu dau sailburuak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzeak bideratuko dituan 1.250.000 euro horreez gan, aldundiek eta udal gehienek diru-laguntzinoak emoten deutsie euskerea ikasteko erronkea hartzen daben ikasleei. Gaurko aurkezpenean azaldu dabenez, HAKOBA (Herri Aginteen Koordinazinorako Batzarrea) bilgunean dagozan erakundeak lanean dabiz datozen urteotan euskerea ikastea dobakoa izateko B2 mailara arte.
Modu berean, aurten HABEko azterketen deialdi edegietan aurkezteko aukerea maila guztietara ailegatu da lehen aldiz, trebetasunen arteko konpensazino-sistemea orokortu da azterketetan eta egiaztagiri danen arteko baliokidetzak hizkuntzen Europako erreferentzia markora egokitu dira. Autoikaskuntza metodoek be gero eta erraztasun gehiago eskaintzen jarraituko dabe, eta ikasleen % 16k honeen bitartez ikasten dau.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzearen menpeko HABE erakundeak 19.575.000 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean euskaltegi pribaduen lanari laguntzinoa emoteko, eta 11.519.370 euro euskaltegi publikoen jarduna laguntzeko. Danetara, 103 euskaltegi dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan: 64 pribaduak dira eta 39 udalenak dira; horreetan, 1.300 irakasle inguru dagoz.
Gaurko aurkezpenaren ostean, HABEk ikasturtearen hasiera ekitaldia izango dau bihar, Christian Puren hizkuntzalariaren mintzaldi baten bitartez. Euskadiko Artxibo Historikoan izango da berbaldia eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!