Asier Arrate: 'Bere nortasunari eusteko aldatu da Athletic'

Dabi Piedra 2017-09-11 08:08   Barriketan

Athletic Club museoko zuzendaria.

Bilboko San Mames futbol zelaiaren barruan atondu dau Athletic Club taldeak bere museo barria. Irailaren 1ean zabaldu eben eta dagoeneko milaka bisitari hartu ditu, ikusmina sortu dau zaleen eta turisten artean, izan be, Athleticen 119 urteko historiaren lekuko izan diran 500 objektu inguru, ikus-entzunezko azalpenak eta abar batu ditue museoan. Asier Arrate zuzendariak esan deuskunez, asmo argi bategaz zabaldu dabe azpiegitura barria: Athleticen nortasuna zein dan erakustea eta, batez be, nabarmentzea klubak zelan eutsi deutson izaera horri, denporak aldatu egin diran arren.

 

1.- Lehenengo egunetan jente asko joan da museora. Zaleak gogoz egon dira?

Bai, jentea zain egon da, ia museoa noz zabalduko. Pozik etorri dira, museoa bakarrik ez, San Mames ikustera be bai.


2.- Athleticen 119 urteko historia museo baten batzea ez da erraza, zuek zer nabarmendu gura izan dozue?

Batez be, gauzak egiteko era bat erakutsi gura dogu, Athleticek historia luzea dauka, urte asko pasau dira eta denporak be aldatu egin dira. Baina museoan nabarmentzen da klubaren zuztarrak edo oinarriak ez dirala gehiegi aldatu. Nortasun horren jatorria azaltzeko, museoko ibilbidearen hasikeran 19. mendeko Bilbo zelakoa zan erakusten dogu, giro industrializadua, meategiak... hor jaio zan Athletic, Britainia Handiaren eragin handia jaso eban. Gero, korridore luze baten barruan sartzen dira bisitariak eta Athleticen historia kontetan deutsegu, hamarkadaz hamarkada. Momentu esanguratsuenak zeintzuk izan diran azaltzen dogu, berbarako, gerra sasoia, garaipenak, mendeurrena, emakumeen taldea sortu zanekoa... Zazpi minutuko bideoa be badago, historia guztia azaltzeko. Esan behar dot, ganera, gizonen eta emakumeen taldeak maila berean ipini doguzala, ez dogu bereizketarik egin.


3.- Klubaren nortasun berezian arretea jarri dozue.

Bai, esaterako harrobiari leku handia emon deutsagu, 1903tik gaur arte harrobi lana zelan egin dan erakusten dogu. Dana dala, historia guztia pintzelkadaka azaldu nahi izan dogu, jenteak ulertu daiala zein dan gure berezitasuna, hau da, mende bat baino gehiago daroagula aldatzen eta egokitzen, baina funtsezkoa aldatu beharrik ez izateko, hau da, bere nortasunari eusteko aldatu da Athletic. Erakutsi nahi izan dogu hau ez dala euskal jokalariak bakarrik dituan talde bitxi bat, horrezaz gan lehiakorra be bada, txapelketa asko irabazi ditu. Harrotasunez erakusten doguz irabazitako 24 kopak, zortzi ligak, Europako partiduak eta hori dana beti Lehen Mailan jokatuta.


4.- Zaleei be leku berezia egin deutsazue.

Bai, hor be sasoiaren arabera banatu dogu. Sorrerako bazkideak eta gerrara arteko zaleak lehenengo, gero 1940tik 1980ra bitartekoak eta, amaitzeko, azken urteetakoak. Zaleakaz lotutako material ugari dogu: Irudiak, pin-ak, bazkide-txartelak, sarrerak eta abar. Lekukotza batzuen bidez, eurentzat Athletic zer dan azaltzen deuskue zale batzuek. Futbola, azken finean, sentimendua da eta zaleen kasuan argi ikusten da.


5.- Aldi baterako erakusketen gunean zer dago?

Gaur egun Joxe Anjel Iribarri eskainitako erakusketea daukagu. Iribarri penaltia bota ahal deutsie bisitariek, modu birtualean. Iribarren figuran oinarritutako eskultura bat be ipini dogu. Aldi baterako erakusketetarako eremua da, baina Iribarren arrakastea ikusita ez dakit nik...


6.- Teknologia barriak erabilten dozuez azalpenetarako?

Bideoak daukaguz eta Espainiako videowall-ik handiena. Hor bideo-instalazino bi ikusi leitekez, Athleticen historia beste modu baten erakusten dabenak. Ganera, gune interaktibo bat daukagu, hor lehen taldeko jokalari guztiak agiri dira, gizonezkoak zein emakumezkoak. Eskala naturalean agertzen dira eta hori umeentzat itzela da. Telebistaz euskeraz emitidu zan lehenengo futbol partiduaren irudiak be ikusi leitekez, Athleticen eta Realaren arteko derbia izan zan.


7.- Zeintzuk dira museoko objektu bitxienak edo harrigarrienak?

Bisitari bakotxak gauza baten jarten dau arretea. Baloi zaharrek, kopek eta holakoek erantzun handia daukie. Joxe Anjel Iribarren eskunarruak be oso bereziak dira. Ganera, Athleticen inguruan euskeraz idatzitako testurik zaharrena ikusi leiteke, 1902koa, Ibaizabal aldizkaritik atera dogu. Askotan jenteak holakoei ez deutse gehiegi erreparetan, baina hor dago ikusi nahi dauenarentzat. Beste alde batetik, bildumagileek partiduetako sarrerak begiratzen ditue, lortzen gatxak diranak batez be, kontuan hartu gerra aurreko sarrerak daukaguzala eta finaletakoak be bai. Danetariko objektuak daukaguz eta bakotxak bere irakurketea egiten dau.


8.- Horrenbeste objektu historiko batu ahal izateko, zuen lanaren zati bat bilketea eta dokumentazinoa izango da, ezta?

Bai, hogei urte inguru daroaguz bildumea egiten, Athleticegaz lotutako material guztia batzen. Hasikeran kirol arloagaz estuen lotutako arloak landu genduzan: Klubeko jokalari guztien zerrendea, argazki zaharrak... Gero ikuspegi hori zabaldu dogu eta, esaterako, zaleen inguruan ikertzen be hasi gara. Lan handia da, datu asko dira. Horregaitik, esan leiteke museoa amaitu barik dagoala. Erakusketak bai, ipinita dagoz, baina gero badaukagu beste esparru bat, batzearena; aztertzeko asko daukagu biltegietan.


9.- Museoa ikusteaz batera, bisitaldi gidatuetan parte hartu leikie bisitariek. Zer erakusten dozue hor?

San Mames zaharra eta barria, biak gogoratzen doguz museoan. Bazkide guztien izenak idatzita daukazan hormea be ipini dogu. Gero, bisita gidatuan, gaur egungo San Mameseko hainbat txoko erakusten doguz: Harmailak, aldagelak, palkoa, ordezkoen aulkia eta abar. Ibilbide luzea da, 45 bat minutukoa. Museoa ikusteko beste horrenbeste behar da gitxienez.


10.- Athleticen moduko klub bati zer emoten deutso honelako museo moderno batek?

Asko, inportantea da museoa eukitea eta bisitariak hartzea. Bere momentuan museorako ideak batzen ibili ginan, ia zer kontauko genduan, zelan, espazioaren diseinua... Batzuek esaten eben museo bat gauza aspergarria dala, benetan bultzatu behar dana futbol zelaia ikustearen esperientzia dala. Nik uste dot museoa be garrantzitsua dala, horretarako egin genduan plan museologikoa. Inportantea da gure historia gorde eta kontetea, nondik gatozen jakin eta etorkizunari hobeto begiratzeko.


11.- Kanpoko bisitariak erakarteko atondu dozue museoa?

Bai, bertokoak eta kanpokoak erakarri nahi doguz, zenbat eta jente gehiago etorri, hobeto. Etxekoentzat daukagun mezua da Athleticen historia gatxa izan dala eta aurrerantzean gatxagoa izango dala aurrera egitea, gure historia balorau egin behar dabe. Kanpotarrei, ostera, gure nortasuna erakutsi nahi deutsegu. Guk uste dogu Athletic oso ezaguna dala, eta leku batzuetan bada, baina atzerritar askok ez dakie euskal jokalariak bakarrik daukaguzala, harrobia... Eta zenbat titulu irabazi doguzan be ez dabe jakiten; askotan gu geu be ez gara konturatzen ze meritu daukan Athleticek.


12.- Museoa, jatetxea eta tabernak dagoz San Mamesen. Horrek bizia emoten deutso inguruari partidurik ez dagoan egunetan?

Ikusten da orain leku bizia dala, jente asko etorten da bisitea egiten, batez be museoa zabaldu dogunetik. Seguruenez, museo barik be jente asko etorriko litzateke, zelaia ikusteko besterik ez bada be, baina museoagaz zeozer gehiago eskaini nahi izan dogu, gure nortasuna erakusteko gune bat sortu. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu