Bai Euskarari Sarirako proposamenak egiteko epea, zabalik
2017-09-04 09:17 Euskerea berbagaiUrriaren 6an banatuko dira sariak eta entidade bi eta persona bat aukeratuko ditue, alor sozioekonomikoan euskerea bultzatzeagaitik.
Gizartearen proposamenak izango dira Bai Euskarari Sarien 2017ko edizinoaren oinarria. Izan be, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak publikoaren esku itxi dau hautagaiak aurkezteko ardurea. Nahi dauenak bere proposamena bialdu ahal izango dau eta urriaren 6a baino lehen aukeratuko ditue saridunak. Entidade bi eta persona bat omentzen ditue urtero, alor sozioekonomikoan euskerea sustatzearen alde egindako lan edo ekarpenagaitik.
Irailaren 17ra arte dago, horrenbestez, hautagaiak aurkezteko epea. Saria nork merezidu dauen erabagi eta lotura honetan egin leiteke proposamena. Entidade bi eta persona bat proponidu behar ditu bakotxak. Bai Euskarari ziurtagiria daukienen artekoak izan beharko dabe entidadeen alorreko hautagaiek. Norbanakoen arteko irabazleari, ostera, Bai Euskarari Laguna izeneko saria emongo deutsie.
Behin publikoaren proposamen guztiak jasota, Bai Euskarari alkarteak izentautako epaimahaiak aukeratuko ditu alor bakotxeko irabazleak. Sari banaketea urriaren 6an izango da, Donostiako Tabakaleran. Ganera, parte hartu daben guztien artean, Bai Euskarari ziurtagiridun enpresetan erabilteko bonoak zotz egingo ditue.
Bai Euskarari Sarien helburua alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da, zeregin horretan nabarmendu diranak eredutzat hartuz. 2009tik emoten dira sariak urtero eta igaz, esaterako, Sorginen Museoa eta Laneki izan ziran entidadeen ataleko irabazleak, eta Mikel Lezamiz norbanakoena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!