Artzai Gazta alkarteko gaztaiak nabarmendu ditue Londresko Great Taste Awards lehiaketan

Bizkaie! 2017-08-29 13:18   Jan edanak

La Leze etxeko ale batek izendapen gorena eskuratu dau, hiru izarrekoa.

Argazkia: Artzai Gazta alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Sekulako erantzuna izan dabe euskal gaztaiek Londreseko Great Taste Awards elikagaien nazinoarteko lehiaketa ospetsuan. Artzai Gazta alkarteak adierazo dauenez, onenen artean sartu dira eurek aurkeztutako laurak. La Leze eta Aizpea gaztandegiek bina ale aurkeztu ditue lehiaketara. Gastronomiaren munduko adituek osotutako epaimahaiak martia eta garagarrila bitartean ibili dira probak egiten, 60 dastaketa baino gehiagotan. Abuztuan emon dabe irabazleen barri.

Arabako Asparrena herriko La Leze etxeak elorri zurizko egurra erabilita egindako gaztai ketu batek izendapen gorena eskuratu dau, hau da, hiru izar. Horrek esan nahi dau, parte hartu daben 12.000 elikagaien artetik, 150 onenen barruan sartu dala. Kontuan izan behar da izar bakar bat jasotea be lorpen handia dala (aparta kategoria da hori), onenetan onenek baino ez ditue hiru eskuratzen. Azal naturalagaz egindako gaztai bati esker, beste izar bat be emon deutsie La Lezeri, beraz lau ekarri ditu guztira etxera.

Bestetik, Olaberriko Aizpea gaztandegiak be emoitza bikaina ekarri dau Londresetik. Hiru izar emon deutsiez guztira: Bi, Urbiako mendiko gaztai bategaitik eta beste bat, gaztai ketuari esker. Hartara, Artzai Gazta alkarteak azpimarratu dau lehiaketara aurkeztutako lau gaztaiek sariren bat irabazi dabela. Lehendik be sari ugari lortuta dago alkarte hori Great Taste Awardsen: Nafarroako, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi gaztandegik izendapenak jaso ditue aurreko edizinoetan.

Gure artaldeen esneagaz egiten dan produktuaren kalidadeari gorazarre egiten deutsie sariok, Artzai Gazta alkarteko ordezkariek adierazo dabenez. Great Taste Awardseko emoitzak aurkezteko agerraldia egin dabe alkarte horretako kideek, Olaberria eta Asparrenako Udaleko ordezkariek, Araba eta Gipuzkoako aldundietakoek, Idiazabal Jatorri Deiturakoek eta Victoria Urresti lehiaketako dastatzaile ofizialak. La Lezeko Eli Gorrotxategi eta Aizpeako Eli Arrillaga be ekitaldian izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu