Idiazabal gaztaien lehiaketea hartuko dau Plentziak domekan
2017-08-18 09:04 Jan edanakErakusmahaiak eta txakolina banatzeko postua be egongo dira Eleiz Enparantzan.
Idiazabal Jatorri Deitura Babestuko gaztaien eta Plentziako uriaren arteko hartu-emonak aspaldikoak dira, izan be, domekakoa 28. lehiaketea izango da. Jatorri Deitureak eta Udalak alkarlanean antolatu dabe hitzordua, BBKren laguntzinoagaz. Lehiaketa ofiziala dala azpimarratu dabe bultzatzaileek.
Euskal Herriko gaztai produktore ezaguenetako batzuk egongo dira Plentzian domekan eta, hori aprobetxauta, gastronomiaren inguruko hainbat jarduera eratu ditue. Hasteko, goizeko 10:00etan, parte-hartzaileek euren gaztaiak aurkeztuko ditue, epaileek probau eta irabazleak aukeratu deiezan. Jatorrizko Deitura Babestuaren barruan dagozan gaztandegiek baino ezin dabe parte hartu eta aurkeztutako piezak kaseina-plakeagaz identifikauta egon beharko dira.
Hiruna epaileko hiru mahai egongo dira eta bakotxean gaztai parte-hartzaileen herenak probauko ditue. Holan, lana banatuko dabe, finalistak lehenago erabagi ahal izateko. Mahai bakotxean, Jatorri Deiturearen Batzorde Ofizialeko kide bat eta Bizkaiko gastronomiaren, gizartearen edo komunikabideen munduko persona bi egongo dira.
Ondoren, 11:00k aldera, 16 postu zabalduko ditue Eleiz Enparantzan bertan, herritarrek Idiazabal gaztaia probau eta erosi deien. Txakolina be egongo da. Bien bitartean, eguerdiko 12:30ak aldean, epaileen dastaketea amaituta egotea aurrikusi dabe; 13:00etan emongo ditue sariak.
Hiru sari nagusi egongo dira: Lehenengo sariaren irabazleak 300 euro eta garaikurra eroango ditu etxera. Bigarren sariari 150 euro eta garaikurra jagokoz. Amaitzeko, hirugarrenarentzat 50 euro eta garaikurra izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!